Barthelemy Agerrek bere iritzia eman du herri elkargoen eta orohar lurralde antolaketa berriaren inguruan.
Nola ikusi duzu eraman den eztabaida?
Nafarroa Behereko presidente gisa hiru bilkura egin ditugu horren aipatzeko. Bi bilkura sindikatuko kideekin eta bilkura bat herri elkargoetako 70 auzapezekin. Hor azalpen andana bat eman dugu, eta Parisetik aditu bat ekarrarazi dugu. Esplikatu digu zer ziren abantailak eta on ez zirenak. Eztabaida inportanteak izan dira, parte-hartze onarekin gainera.
Eztabaida anitzetik atera dena da berrantolaketa hori fiteegi eramaten ari dela prefeta. Zer diozu?
Enetako ez da sobera fite. Aspaldian egin behar ziren gauzak dira. Berriz pentsatu behar dira herri elkargoak, batzuk txikiak dira, besteek ez dute izaiterik. Adibidez Iholdi 3.000 biztanlerekin ez zen horrela egoten ahal, ez zuen ez buru ez buztanik. Gainera Garazi-Baigorrik eta Amikuzek bakoitzak 400.000 euro diru laguntza dugu, Iholdik 34.000 hunkitzen ditu. Zer nahi duzu egin 34.000rekin. Ezin zen ezer egin.
Nafarroa Beherea herri elkargo bakar batean batzea ez al da ere abertzaleen interesekoa?
Bistan da baietz, abertzaleena eta euskaldunena. Salbu kasu honetan Galant sektorea minoritarioa dela. Baina berak ez ditu abertzale guztiak ordezkatzen. Galanten sektore abertzaleak pisua galtzen duela uste dut. Baina hori nire ikuspuntua da. Bestela ez dut ikusten zergatik tematzen den, Nafarroa Behere historikoa berriz egitea gauza polita da. Ni ez naiz abertzalea, abertzaleek ez naute maite, baina nahi dut euskara defendatu, Nafarroa Behereko kultura babestu eta Nafarroarekin harremanak izan. Muntatzen ahal bagenu hemen lehengo Nafarroa Beherearen probintzia gauza interesgarria litzateke, Euskal Herriarendako, euskaldunendako.
Lurralde antolaketa berriari begira anitz entzuten da Frantziak ez diola erantzuten egiazko eztabaidari, aldarrikapen instituzionalari. Zure ustez kontuan hartua izango da?
Ene ustez ez du inportantziarik. Behar da euskal herriko lurraldea defendatu, baina hobekiro defendatuko dugu Akitania mailan, departamenduan eta Frantzian bagara. Ni ez naiz euskal departamenduaren alde, ez naiz aparteko instituzio batzuen egiteko. Ez dira gauza onak. Diren bi laborantza ganbarak ez dira laborantzarendako batere gauza onak. Hobe litzateke mila aldiz laborantza ganbara bat izatea, eta barnean bakoitzak bere ikusmoldea eramatea. Baina bi izatea laborantzarendako ez da gauza ona. Iruditzen zait euskalduna aski azkarra dela, baduela aski tenperamendu bere ideiak ezartzeko besteen erdian eta ikusmoldea zabaltzeko. Ireki behar da, irekiz herri bat eraikitzen da. Alderantziz, itxiz, herria suntsitzen dugu.
Beraz, erreforma bukaeran Ipar Euskal Herriak ez luke behar instituzio bat. Orain bezala herri elkargoekin nahikoa?
Ene gustuko departamendu bat, erregio azkarra eta herri elkargo batzuk lekuko aferak hartzen dituztenak eskutan nahikoa da. Euskal departamendu baten izatea, instituzio baten gogoa euskaldun ahulen arrazonamendua da. Azkar den euskalduna, bere erroez segur denak, ez du biarnesen beldurrik ezta bordelesen beldurrik. Ene ustez Bordelen eta Pauen badituzte hemen baino baliabide gehiago eta behar dugu aski azkarrak izan, hango dirua ekartzeko Euskal Herrirat, herria biziarazteko, euskara biziarazteko. Behar dugu besteez baliatu hemengo kulturaren atxikitzeko. Eta baliatuko dugu haiekin nahasiz, eta ez aparte jarriz.
Euskal Herriaz ari garenez, zer diozu zabaldu den prozesuaz?
Egoera hobetzen doa, espero dut ETArekin bukatu dela. Arazorik handiena Euskadin ETA delako. Ez direnak nire iduriko ideologikoki Euskal Herriaren defendatzaileak. Terroristak dira, edo iraultzaile puroak. Hauek geldituak, baztertuak, giltzatuak badira eta eliminatu baditugu, gero dena ongi da. Biziki txarra dena terorismoa da. Pentsatzen dut ETAk zerbitzu oso txarra ekarri diola Euskal Herriari.
Eta, beraz, zer diozu teroristatzat kalifikatua izan den ezker abertzalearen hauteskundeetako azken emaitzez?
Arrazoi bat izan behar da. Haustura sozial bat bada, jendea pobrezian eta etsipenean eroria. Pentsatzen dut jende horrek iraultza bat nahi duela, baina demokratikoa. Eta pentsatzen dut jende hori entzuna izaten ahal dela espainol boterearen partetik baldintza bakar batekin, terorismoa gelditzea. Ni segur naiz ETAn jendeak ez duela hori egiten soilik Euskal Herriko interesentzat, baina terorismo internazionalaren eskema batean. Hasteko hori da jendeak sentitzen duena, eta hori biziki txarra da. Gero hegoaldean haustura sozial handia bada aberats eta pobreen artean. Autonomiaz hitz egiten da beti, baina autonomia emateak lurralde txiki bati ez ditu beti gauza ederrak egiten. Dena ez da ederra Euskal Herrian, haustura sozial handia bada eta jendeak iraultzaren alde bozkatu du. Iraultza kulturala eta identitarioa deno, ongi da.
Barthelemy Agerre. Amikuzeko kontseilari nagusia
«Instituzio baten gogoa euskaldun ahulen arrazoinamendua da»
Badira orain 17 urte hautetsia dela, eta lurralde antolaketari begira zein Euskal Herriko egoeraren inguruan bere asmo eta ideiak zein diren argi utzi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu