Bilboko autobus geltokia

Intermodala eta lurpekoa

Martxan da Bilboko autobus geltoki berria. Goizeko 6:00etan abiatu da lehen autobusa.

Bilbao Intermodal, Bilboko autobus geltoki intermodala. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko azaroaren 29a
09:55
Entzun

Gaur goizaldetik martxan dago Bilboko autobus geltoki berria, Bilbao Intermodal izenekoa. Herenegun goizean inauguratu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Egunero 19.000 lagun igaroko dira geltokitik; hau da, urtero zazpi milioi bidaiarik erabiliko dute; Loiuko aireportuak dituen erabiltzaileak baino bi milioi gehiago direla esan du alkateak. Ez da egin duen alderaketa bakarra: aireportuan bezala, geltokian ere tornuak igaro beharko dituzte bidaiariek, eta ezingo dira sartu autobusera igotzeko 15 minutu baino gehiago falta badira. Erabiltzaileen erdiak inguru Bizkaibuseko bidaiariak izango dira. Beste 25 autobus enpresak ere emango dute zerbitzua geltoki berrian. Orain arte eskaini diren linea guztiak izango ditu, eta, gainera, etorkizunean gehiago eskaintzeko aukera ere izango du, nasa gehiago jartzeko lekua gorde baitute.

Izenak berak dioen moduan, geltoki intermodala da; hau da, ibilbide luzeko autobusen eta Bizkaibuseko hainbat linearen geltokia izateaz gain, lotura izango du alboan dituen Bilboko Metroaren geltokiarekin, Renferen aldirietako trenen geltokiarekin eta Bilboko tranbiarenarekin. Geltokitik kanpo, Bilbobusa hartzeko aukera egongo da; taxi geltokia ere izango du, eta BilbaoBizi udal alokairu zerbitzuko bizikletak ere eskura izango ditu erabiltzaileak.

-2 solairuan daude autobusen 30 nasak. Haien azpian, -3 eta -4 solairuetan, bidaiariak ekartzera edo bila datozen autoentzako aparkalekua egongo da. 250 ibilgailurentzako lekua izango du, eta tarte batez baino ezingo da erabili. Oraindik ez dago zabalik.

Intermodala, beraz, baina baita lurpekoa, “segurua” eta “modernoa” ere, alkatearen hitzetan. Garai bateko Termibus geltokia zegoen orubean eraiki dute. Azpiegitura horrek 40 milioi eurotik gora balio izan du. Lanak 2017. urtearen amaieran hasi ziren, eta aurreikusi baino bi hilabete geroago amaitu dituzte. Bien bitartean, alboko orube batean egon da behin-behineko geltokia. Termibus bera ere behin-behineko moduan inauguratu zuen 1996an Jose Maria Gorordo orduko alkateak. Hiri guztian sakabanatuta zeuden autobus guztiak toki finko batetik ateratzeko helburuarekin egin zuten, geltoki intermodala eraiki artean.

Erabiltzaileak sarri kexatu dira Termibusen gabeziez, eta udal agintariek sekula ez dituzte ukatu. Are okerragoak eduki ditu geltoki intermodala eraikitzen ibili diren bitartean erabili den behin-behineko geltokiak. “Termibus zaharra eta eskasa zen, eta hau lotsagarria izan da. Duela hamar bat egun, sekulako euritea ari zuen, eta hemen ibili nintzen, maleta autobusera sartu ezinik, busti-bustita”, kexatu da Jesus Ruiz-Cuevas, behin-behineko geltokian hartu duen azken autobusera igo aurretik. Medina de Pomarrekoa da (Burgos, Espainia). Sarri etortzen da Bilbora, Esperanza Perez emaztearekin. “Berrian, behintzat, lurpean egongo gara, ez gara bustiko eta ez dugu hotzik pasatuko. Edo hori espero dugu!”, gehitu du Perezek. Pozik daude hurrengoan geltoki berria estreinatu ahal izango dutelako. Dena den, bikote horrek topatu dio alde txarrik: “Tabernakoak beharrik gabe geratuko dira”.

Autobus geltoki berriak kafetegi bi eta dendak izango ditu, beste zerbitzu batzuen artean. Termibusek ere bazituen taberna eta gozoki denda, eta lanak hasi zirenean behin-behineko geltokian jarraitu zuten beharrean. Oraingoan, baina, ez diete enplegua subrogatu, eta ez dute autobus geltoki berrian beharrean jarraituko. Hogei urteren ondoren, hamasei lagun beharrik gabe geratu dira aste honetan.

Bartzelonakoa da Carme Olivares. Urtean birritan etortzen da Bilbora. Aitortu du Termibus ere “eskasa” iruditzen zitzaiola, baina azken bi urteetako esperientziaren ondoren, “faltan sumatzen” zuela. “Bilbora iritsi nintzen egunean euria ari zuen, eta hotz egiten zuen. Ez da autobus geltoki duina izan hiri honen mailako batentzat. Hor, aurreko autobusek aterpetxo hori dute, txartelak erosten diren lekukoa, baina gu hemen gaude, etxebizitza eraikin honen kontra babestuta. Sikiera teilatu hegal zabal bat izango balu! Baina ez du hori ere”. Obrak “oso luze” egin zaizkiola esan du.

Aburtok herenegungo ekitaldian barkamena eskatu zien erabiltzaileei urte hauetan jasan behar izan dutenagatik. Baita Basurtuko bizilagunei ere. Eta eskerrak ere eman zizkien. “Badakigu ez dela erraza izan Basurtuko auzotarrentzat obrekin bizi behar izana”. Haren esanetan, azpiegitura berriak eragin ona izango du Basurtuko auzotarren “bizi kalitatean” ere: “Ezabatu egingo baititugu lur gaineko autobus geltoki batek eragiten dituen eragozpen guztiak, ez bakarrik zirkulazioarenak, baita zara- tarenak ere”.

Besteak beste, ekitaldia bertatik bertara jarraitu zuen Begoña Gomez Vivancori egin zion aipamen Aburtok, berba horiek esatean. Basurtuko auzo elkarteko presidentea da. “Oso pozik gaude geltokia egiten amaitu dutelako. Garrantzitsua da auzoarentzat”. Espero dute autobusen joan-etorriak ez duela arazorik eragingo auzoan. “Dena ondo joango dela esan digute udalekoek, eta hala izango dela uste dut. Horrelakoak behar den bezala diseinatzeko dituzte adituak”.

Azaldu du Termibus martxan jarri zutenetik autobusen eta jendearen joan-etorria itzela izan dela, eta nolabait “enbarazu” egin diela, batez ere, zaratagatik. “Briñas kaleko 25 eta 27. atarietan bizi direnek sekulako meritua izan dute. Sarri esan izan didate etxe atarira irten eta kalean entzuten zutena ikusita berriro gora igotzeko gogoa sartzen zitzaiela. Egunero bizi behar da hori”.

Auzo “urbanizatuegia”

Lanak ere ez dira atseginak izaten, eta oraindik ez dituzte bukatu. Geltokiaren gainean, lanak amaitzean, Basurtuk plaza bat izango du. Bertan altxatzen ari diren eraikinean ikasleentzako egoitza, hotela eta gimnasioa egongo dira. Baina oraindik hori bukatzeko beste pare bat urte faltako dira. Horrez gainera, bi urteotan behin-behineko autobus geltokia egon den lekuan Garellanoko bosgarren dorrea eraikiko dute, handiena, Anboto izenekoa. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Medikuntza Fakultate berria ere 2024-2025 ikasturterako egongo da prest, Basurtuko ospitalearen ondoan.

Gomez ez dago pozik bosgarren dorrearekin. Oraintsu jakinarazi dute hasieran iragarritako diseinua aldatuko diotela, bizilagunak gusturago egoteko. “Badakigu hasierako proiektua dela bost dorre egitea, eta bagenekien bosgarren hau ere eraikiko zela, baina auzokook gurago genuke eraikiko ez balitz”. Kexu dira auzoan ez dagoelako behar bezalako berdegunerik. Bosgarren dorre hori egongo den orubea ere parkeren bat egiteko aprobetxatu zitekeela iruditzen zaio.

Izan ere, dorreak eraiki direnetik, auzoko populazioak nabarmen egin du gora. Gomezen arabera, hazkunde horri “egoki” erantzun zaio zerbitzu aldetik. “Baina Bilbon bizi den edonork esango dizu auzo honetan denbora gutxian izan dugun populazio hazkundea ez dela normala. Eta gure auzoa ez da handia; jende asko gara oso leku txikian”. Dentsitate hori arintzeko neurriak hartu beharko liratekeela uste du.

Inguruko Bizkaibus linean, “progresiboki”

Autobus geltoki berriaren inguruetan geralekua duten Bizkaibusen linea guztiak geltoki barrura sartuko dira “progresiboki”. Hala iragarri du Miguel Angel Gomez Viar Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusiek eguaztenean Gernika-Lumoko Batzar Etxean egindako osoko bilkuran. EH Bilduren galdera bati erantzunez eman zituen azalpen horiek.

Autobus geltoki intermodala eraikitzeko Termibus eraitsi eta behin-behineko geltokia egin zenean, euren ibilbidea Termibusen hasi eta amaitzen zuten Bizkaibusen linea batzuk inguruko kale batzuetara eroan zituzten, behin-behineko geltokian ez zegoelako denentzako lekurik. Kaputxinoen bidera eroan zituzten A3513 (Bilbo, Galdakaoko ospitalea, Gernika-Lumo eta Ea arteko bidea egiten duena), A3523 (Bilbo, Galdakaoko ospitalea, Gernika-Lumo, Aulesti eta Lekeitio lotzen dituena) eta A3930 lineak (Bilbo eta Galdakao AP-8 autobidetik lotzen dituena). Horrez gainera, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusera doana Zunzunegi kaletik abiatzen da, BAMI eraikinaren paretik. EH Bildu kexu agertu da lau autobus linea horiek ez direlako gaurtik autobus geltoki berrian egongo. Galdakaoko Udalak ere ohar bat argitaratu du gauza bera salatzeko. Era berean, Galdakaoko Mugikortasun zinegotzi Mari Paz Losadak diputazioari eskatu dio A3039 lineak domeka eta jai egunetan ere zerbitzua eman dezala, galdakoztarrek “hainbatetan hala eskatu” diotelako udalari.

Gomez Viarrek Batzar Nagusietan esan duenez, linea horiek guztiak autobus geltoki berrira joango dira “progresiboki” eta “berehala”. “Geltokian ditugun bederatzi nasetan gaur egun geltokian zeuden hamabi lineak izango dira hasiko diren lehenak, eta ondoren hasiko dira gainontzekoak”. Diputatuak esan du ezin duela azken aldaketetarako egunik zehaztu, ez dakielako “hiru, hamahiru edo 23 egun barru” gertatuko diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.