Internautek eutanasiaren alde egin dute

Facebook sare sozialean, 17.000 pertsonak baino gehiagok bat egin dute Nicolas Bonnemaison sendagilearen alde argitaratutako hiru orriekin. Sarearen barruan, beste talde bat sortu dute medikuaren aldeko jarrera salatzeko, baina 30 lagun soilik daude horretan.

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Sareak bat egin du Nicolas Bonnemaisonekin. Joan zen asteazkenean eutanasia aktiboa praktikatzeagatik atxilotu zuten Baionako sendagilearen aldeko hiru babes orri sortu dituzte Facebook sare sozialean, eta lehen bost egunetan 17.000 pertsonak baino gehiagok medikuaren aldeko jarrera erakutsi dute. Aldiz, atari bakar batek gaitzetsi ditu Bonnemaison babestu dituzten internautak. Sendagilearen abokatu Arnaud Dupinek azaldu duenez, bere bezeroaren asmoa gizartean eutanasiaren inguruko eztabaida sortzea da; sarean behintzat lortu du bere helburua.

Facebookeko hiru orrialdeen artean jarraitzaile gehien duenak 12.000tik gora lagun biltzen zituen lerro hauek idazteko orduan. Batez beste, minuturo lagun batek bat egin zuen taldearekin, eta 15.000 iruzkin inguru zituen. Iruzkinetan, jendeak gertuko senideen eritasun kasuak kontatzen ditu, eta horietako askotan aterabiderik egokiena eutanasia litzatekeela nabarmendu dute. «Nire amak alzheimerra pairatu zuen urte askoan, eta haren ezinegona ikusita, eskerrak ematen dizkiot Bonnemaisoni, gaixoen eta senideen sufrimendua amaitzeagatik», adierazi du Corinne Chevroto erabiltzaileak.

Beste askok, halaber, animalien eta gizakien arteko alderaketa egiten dute; sufritzen ari diren pertsonek, animaliek bezala, hiltzeko erabakia hartzeko gaitasuna izan beharko luketela diote.Sendagileak heriotza duinaren aldeko jarrera erakutsi izana nabarmendu dute beste erabiltzailebatzuek, hala nola Sylvie Dercampek: «Espero dut egunen batean Frantzian duintasunez hiltzeko aukera izango dugula». Belgikako erizain batek ere eman du bre testigantza sare sozialean, eta bere herrialdeko eredua gainerako estatuetara hedatu beharko litzatekeela azpimarratu du.

Bestetik, 17.000 erabiltzaile horien aurkako orrialde bat sortu dute Facebooken bertan: 30 lagun inguruk bat egin dute taldearekin. Baina iruzkin gehienak orriaren aurka daudenek egin dituzte, eta eutanasia aktiboa erabili duen sendagilearen kontra egitea «ulertezintzat» jo dute. «Bonnemaisonen aurkako jarrera izateak erlijioak gizartean duen indarra erakusten du», adierazi du Bernard Wolfek erabiltzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.