Iazko ekainean, kontrako iritzia eman zuen auzitegiko abokatu Niilo Jaaskinenek; hark Googleri eman zion arrazoia, eta zehaztu zuen bilatzaileak ez zituela ezabatu beharko bilaketen emaitzak, kaltetuek hala eskatuta ere.
Orain, ordea, auzitegiak aitortu du badela sarean "ahaztua izateko eskubidea"; hots, hala eskatuta, norbere datuak Internetetik kentzekoa, garaiari ez dagozkionean eta kaltegarriak badira. Googleri zuzendu ahal izango zaio horretarako.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziak eta Google Ameriketako Estatu Batuetako enpresak ahaztua izateko eskubidearen inguruko auzia irekia dute 2010etik Auzitegi Nazionalean.
Datuak Babesteko Espainiako Agentziak, herritar batzuen bitartekaritza lanetan, bilaketa batzuen emaitzak ezabatzeko eskaria egin izan du. Googlek erantzun dio argitaratutako informazio bat ezabatzea “adierazpen askatasunaren” kontrakoa dela eta informazio okerrak zuzentzea, berriz, informazio hori argitaratu duen iturriari dagokiola.