Batxilergorako eta gainerateko azterketetarako berrikusketen merkatua Internetera hedatua da. Doan edota ordainduz, azterketarako ikasi beharrekoak lantzeko aukera proposatzen dute hainbat webgunek. Horietarik bat da www.france-examen.com gunea. Aitzineko urteetan izandako gaiak, azterketa egunean jarraitu beharreko aholkuak, gai bakoitzeko fitxa pedagogikoak edota berrikusketak egiteko dosier oso bat proposatzen dute. Fitxa pedagogiko bakoitza euro baten truke eska daiteke. Berrikusketa programa «pertsonalizatua» 24 eurotan ukan daiteke. Astez aste nola ikasi, klase guztiak, fitxak eta abar proposatzen dituzte.
Pantxo Antxordoki Baionako Bernat Etxepare lizeoko natur zientzietako irakaslea da. Ikasleei ez die internetera joatea proposatzen. «Guk berrikusketa daukagun materialearekin egiten dugu, gelan bertan». Joan den astean, ikasle batzuk lizeora joaten ziren «talde txikika gaiak irakasleekin berriz lantzeko». Egun batetik bestera ikasle desberdinak joaten ziren. «Gure aholkuei garrantzia handia ematen diete ikasleek; ez dute zernahi egiten haien aldetik. Klasean egiten duguna da haien ardatz nagusia».
Irakasleek berek aholkatzen dute zer liburu erosi. «Urtekariekin lan egiten dugu ikasturtean zehar». Urtekarietan biltzen dira aitzineko urteetako azterketak eta haien zuzenketak. Urtekarien salmenta kopuruak anitz egin du behera, oro har, azkenaldian. Aitzineko urteetako azterketak eta haien zuzenketak doan aurki daitezke interneten.
Argitaletxeak egoera horretara egokitzen ari dira. Ikasgai liburu bat erosiz, ikasleak liburu horretan kode bat aurkituko du, eta kode horren bidez, webgune batean ariketa gehiago egiteko aukera ukanen dute, liburuak eskaintzen dituenez gain. Gune horiek erabiltzen dituzten ikasleak «beren aldetik» ari direla dio Antxordokik.
Gauza normala da urduritzea azterketa dagoen urtean. Urduritasun horrek eragin dezake Interneten aholku gehiagoren bila joateko grina. Ikasleek elkarren esperientzien eta duden berri emateko balio du, aldiz, sareak. Eztabaidaguneak badaude, eta galderak dituzten ikasleek beren dudak argitzeko aukera dute. Gune batzuek azterketan jar ditzaketen gaien probabilitatea eskaintzen dute. Horrelako informazioekin zuhur jokatu behar dela dio Antxordokik. «Heldu den azterketari buruz, ezin da ezer jakin. Dena landu behar da, inork ezin du erran aurten hori jarriko dute. Hogei urtez, bizpahiru aldiz bakarrik asmatu dut».
Filosofiako azterketa egin duen ikasle batek webgune baten aholkuari kasu egin dio. «Interneten jartzen zuen arrazoiari buruzko gai bat izanen zela, eta hori ikasi nuen. Eta hala gertatu da», dio Nicolasek. Egia erran, arrisku hori hartu du, azterketa horri dagokion notak ez duelako hainbesteko garrantzirik. «Beste gaietan, dena ikasi dut». Internet bigarren mailako euskarri gisa erabili du.
Interneten, azterketarako aholkuen eta erantzunen bila
Baxoa prestatzen duten ikasleei sareak eskaintzen dien zerbitzuak lehia gogorra egiten die liburuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu