Kontsumoa

Internetez erositako produktuen segurtasunik eza salatu dute

Europako kontsumitzaileen bulegoko sei taldek Amazon, AliExpress, eBay eta halako plataformetan erositako 250 produktu aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute hirutik bik ez dituztela EBko segurtasun estandarrak betetzen.

Internet bidez erositako ke eta karbono monoxido detektagailuetan akats larriak topatu dituzte. BEUC
Edu Lartzanguren.
2020ko otsailaren 25a
12:55
Entzun

«Kontsumitzaile taldeen azterketek erakutsi dute sarean erostea ez dela denda fisikoetan erostea bezain segurua», esan du Monique Goyens-ek, BEUC Europako Kontsumitzaileen Erakundeko zuzendariak. «Arrazoia sinplea da: Interneteko banatzaileek ez dute eragozten produktu arriskutsuak euren guneetan agertzea. Kea antzematen ez duten ke detektagailuak adibide gisa hartzen badituzu, erraza da irudikatzea horrek zelako hondamendiak eragin ditzakeen».

Aztertzaileek 250 produktu erosi dituzte Interneten, eta denetariko arazoak topatu dituzte: karbono monoxido gas hilgarria atzematen ez duten karbono monoxido detektagailuak, gai toxikoen Europako mugak 200 aldiz gainditzen dituzten jostailuak, eta baita azterketetan urtu egin zaizkien sakelako bateriak ere.

BEUCek urteak daramatza halako produktuak salatzen. Hainbatetan, plataforma horiek erretiratu egin dituzte salgaiok, baina askotan berriz agertzen dira handik gutxira. Bulegoak nabarmendu duenez, Amazon eta halakoek ez dute euren gain hartzen euren bidez saltzen diren produktuen gaineko erantzukizuna. Euren buruak artekari huts gisa ikusten dituzte, eta ez dute fabrikatzaileen fidagarritasuna ziurtatzen haien produktuak eskaini aurretik.

Orain arte kontsumitzaile taldeak aritu dira seguruak ez diren produktuak salatzen eta kentzeko eskatzen. «Baina horrek ezin du horrela izaten jarraitu kontsumitzaileen segurtasuna nahi badugu, antzeko produktuak, edo arriskutsuagoak, berriz agertzen direlako».

Goyens EBko agintariei begira jarri da, eta esan die badutela garaia «Interneteko plataformak erantzule egiteko saltzen dutenarengatik, eta hobeto zaintzeko»

Nazioarteko ikerketa

Nazioarteko ICRT azterketa sareak egin ditu analisiak, zazpi herrialdetako hainbat kontsumitzaile elkartek eskatuta.

Hainbat alorretan aurkitu dituzte produktu arriskutsuak. Hona horietako batzuk.

- Elektronika: USB kargagailuak, sakelako bateriak eta halakoak aztertu dituzte. Lautik hiruk ez dituzte gainditu segurtasun elektrikoaren azterketak. Batzuk gehiegi berotzen dira, edo zartako elektrikoak ematen dituzte. Kasu askotan, produktu merkeak eta etxe ezezagunetakoak ziren.

- Jostailuak: Haurrentzako plastikozko jostailuak aztertu dituzte. Horien ftalato mailak neurtu dituzte. Plastikoa biguntzeko erabiltzen dira ftalatoak, eta batzuk debekaturik edo mugaturik daude, haurren hormona sistemari eragiten diotelako. 29tik bederatzik ftalato maila gehiegizkoak zituzten, eta horietako batzuek gehienezko kontzentrazioa baino 200 aldiz gehiago dute.

- Haurren jantziak: Soka luzeegiak dira arriskuetako bat haurren arropan. EBk mugatua du, esaterako, horiek eduki ditzaketen soken edo lokarrien luzera, haurrak itotzeko arriskua saihesteko. Azterturiko 16 jantzitik 14k soka luzeegiak zituzten, edo debekaturiko lekuetan.

- Detektagailuak: Karbono monoxidoaren zazpi detektagailu aztertu dituzte, eta batek berak ere ez ditu antzeman gasaren kopuru hilgarriak. Horrez gain, horietako lauren alarmak ez ziren behar bezain ozenak. Lau ke detektagailutik batek berak ere ez du antzeman kea, erretzen dena egurra, kotoia edo plastikoa bada.

- Hortzak zuritzekoak: Hidrogeno peroxidoa (ur oxigenatua) erabiltzen dute hortzak zuritzeko produktuetan. Azterturiko hamar produktuetako zazpitan, hidrogeno peroxidoaren mailak 14-70 aldiz gainditzen zuen etxeko produktuentzako ezarritako muga. Gehiegizko kontzentrazioek hortz mamien narritadura eragin dezakete, edo gehiegizko sentikortasuna hortz-haginetan.

Horiez gain, kosmetikoak aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute erdiek baino gehiagok ez dutela derrigorrezkoa den osagai zerrenda. Bitxietan, kadmio toxikoaren kontzentrazio handiak topatu dituzte, alergiak eragiteko modukoak. Hamazazpi prismatikotik hamaseik naftaleno moduko gai minbizi sortzaileak dituzte.

Produktu arriskutsuen proportzio handiak harrigarria eman dezake. Aztertzaileek azaldu dute apropos aukeratu dituztela Europako RAPEX segurtasun sisteman alarma gehien pizten dituzten produktu motak.

Internet bidez saltzen diren gauzen inguruko kontrolik ezari buruzko antzeko salaketak egin dira lehen ere. Haurrak autoan eramateko aulkiak aztertu izan ditu Erresuma Batuko Which? kontsumitzaile taldeak. Aulki arriskutsuak 2014, 2017 eta 2019 urteetan topatu zituzten, eta hil honetan BBCk ere aurkitu ditu antzeko aulkiak salgai.

Kopiekin kontuz ibiltzeko esan dute kontsumitzaile taldeok, Interneteko dendetan asko egoten direlakoan. Sarean erositakoak itzultzeko hamalau eguneko epea du kontsumitzaileak, eta, edozein susmo izanda, aukera horretaz baliatzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.