politika

Intxaurraga: "EAJ gabe ere osatu beharko litzateke abertzaleen koalizioa"

2008ko Espainiako hauteskundeetarako, Ipar Euskal Herriko ereduaren alde egin du EAren kideak EAErako. "Abertzaleen indar metaketa ezinbestekoa da. Bestela, jai daukagu". Berak proposatutakoak EAren Biltzarrean aurrera irten dezakeela uste du.

2007ko azaroaren 28a
11:16
Entzun
Atzo Unai Ziarreta EAren idazkari nagusiak zioen erabakitze eskubidearen alde daudenek Espainako Kongresura bloke batean aurkeztu beharko luketela 2008ko martxoko hauteskundeetan, eta gaur Sabin Intxaurraga EAren kideak eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak, "pertsonalki", gehiago zehaztu du proposamen hori. "EAJ ez balitz sartuko koalizio horretan, EAJ gabe ere aurrera jo beharko lukete beste alderdiek [EAEn koalizioa osatzean], Ipar Euskal Herrian egin duten bezala Euskal Herria Bairekin", esan du Intxaurragak gaur goizean Euskadi Irratiko tertulian. Hain justu, Abertzaleen Batasunak, Batasunak eta EAk 2008ko kantonamenduetako bozetan ere osatuko dute EH Bai, aurten bezala; EAJk ez du sartu nahi izan, ETAren indarkeriagatik.

EAk abenduaren 15ean eta 16an egingo du Biltzar Nagusia. Intxaurragak dio abertzaleen arteko koalizio horretaz hitz egingo dela han, eta berak proposatutakoak aurrera irten dezakeela uste du. "Gaur egun, abertzaleen indar metaketa ezinbestekoa da. Bestela, jai daukagu. Segituko dugu kudeaketa lanean, baina hortik aurrera ez dugu egingo. Gaurko egoeratik beste batera jauzi egiteko, lankidetza beharrezkoa dugu".

Koalizio horrek, erabaki eskubidean ez ezik, "giza eskubideetan oinarrituta" beharko lukeela iritzi dio, "baita programa sozial aurrerakoian ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.