Sabin Intxaurragaren heriotzak «hutsune sakona» utzi du euskal politikagintzan. Hala adierazi dute politikari ohiaren heriotzaren inguruan dolumina agertu duten alderdi politiko eta eragileek. Haren heriotza dela eta, ugariak izan dira familiak eta EAk jasotako elkartasun mezuak. Gaur egingo diote azken agurra, jaioterrian. Arratsaldeko seietan izango da, Zeanuriko Andre Mari elizan (Bizkaia). Eusko Alkartasunako kide eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia herenegun gauean hil zen, Gurutzetako ospitalean, duela bi hilabete inguru atzeman zioten gaixotasun larri baten ondorioz.
Pello Urizar EAko idazkari nagusia «atsekabetuta» agertu da Intxaurragaren heriotzaren inguruan. Agiri batean Urizarrek adierazi du «gizon ona» izan zela, independentziaren aldeko jarrera sendoa izan zuela eta abertzaletasunaren «erreferente» bihurtu dela. Era berean, ardura izan zuen kargu guztietan EAren ideiak babestu zituela azaldu du: «Lan politikoa gidatzen zuen ideia nagusiekin beti: abertzalea, ezkertiarra eta giza eskubideekinkonprometitua».
Intxaurragaren ibilbide politikoa goraipatu du Urizarrek, eta EAren historian «pisu handia» izan duen kidea izan dela nabarmendu du. Horren harira, gogoratu du 1986an EAJ zatitu eta EA sortu zenean Intxaurragak eginkizun garrantzitsua izan zuela. «Beti ekarpenak egiten zebilen, eta azken unera arte lanean ibili da, baita erietxean gaizki zegoela ere. Pasioz beteta bizi zituen gauzak».
Intxaurraga egungo egoera politikoarekin «oso ilusionatuta eta gogotsu» zegoela azaldu du Urizarrek. «Subiranotasunaren aldeko mugimendu aurrerakoi baketsua osatzearen alde zegoen, eta oso gustura zegoen EA egungo testuinguruan egiten ari den lanarekin. Haren babesa pizgarria izan da egungo zuzendaritzarentzat». Intxaurragak eginiko bidea EAko kideentzat eredu izango dela nabarmendu du alderdiko idazkari nagusiak. «Utzi egin gaitu, baina badaki EAko lagun eta kideek berak hasitako bidea jarraituko dugula, eta amaituko dugula: Euskal Herri independentea sortuko dugu, Europa federal batean».
Gazte Abertzaleak EAko gazte erakundeak ere gogoan izan du Intxaurragaren lana. «Zeruan izar berri bat piztu da, esperantzaren, indarraren eta trinkotasunaren izarra». EAko gazteek nabarmendu dutenez, «irakasle» moduan gogoratuko dute beti. «Euskal Herriaren aldeko diskurtso sutsuekin eta atzera bueltarik ez zuten jarrera eta ekimen ausartekin, gazteoi irakatsitakoak ez ditugu ahantziko, eta guk zure borroka gogoz indartuko dugu, ez dugulako beste bideetan sinesten, hau delako bidea; independentisten arteko elkarlana sustatzen eta elkartasuna hizpide duen herri justuago eta ezkertiarrago baten alde egingo dugu».
Nazioartetik ere iritsi dira dolumin mezuak. Cesar Arrondo Argentinako Alkartetxe federaleko presidentearen arabera, Intxaurragak beti «eragile aktibo gisa» zituen gogoan diasporan bizi diren euskal herritarrak.
«Eredu bat», Lopezentzat
Justizia eta Ingurumen sailburu izandakoaren lana eskertu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, eta haren «eredua» goraipatu du. «Haren hutsunea igarriko dugu. Euskadi pobreagoa eta pluraltasun txikiagokoa da gaur Sabin Intxaurraga falta zaigulako».
Komunikabideei igorritako ohar batean, Lopezek esan du eragile politiko guztiek gogoan hartu behar dutela Intxaurragaren ibilbide politikoa. «Baita haren ideiekin bat ez gatozenok ere. Ideia horiek defendatzeko, demokrazia eta errespetua erabiltzen baitzuen».
PSE-EEk, berriz, «autogobernuaren eta Euskadiren garapenaren» alde Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak eginiko lana nabarmendu du. Politikari gisa «koherentea eta bere printzipioekin leial» izan zela adierazi du alderdi sozialistak. «Herriarentzat hoberenak ziren helburu politikoak lortzen saiatu zen beti, demokraziaren bidetik eta aurkariekin akordioa iritsiz».
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere dolumin mezua igorri dio Intxaurragaren sendiari. EAJn kideak izan ziren urteak izan ditu gogoan, eta Intxaurragak Eusko Jaurlaritzan eginiko lana nabarmendu du. «Betiko hor egongo diren gauzak egin zituen. Eta horietako asko merezi izan dute».
Aralarrek «tristura» agertu du Intxaurragaren heriotzaren inguruan. Proiektu politiko batean baino gehiagotan jardun arren, abertzale eta euskaltzale moduan egindako lana eta ekarpena aintzat hartzekoak direla dio. Ezker Batuko koordinatzaile nagusi Mikel Aranak haren «zintzotasuna» nabarmendu du.
Independentistak sareak, berriz, gogoratu du Intxaurraga sarearen sustatzaileetako bat izan zela. Eta euskal selekzioen ofizialtasunaren alde eginiko lana nabarmendu du ESAITek.
Intxaurragak elkarrizketarako zuen dohaina nabarmendu dute alderdiek
Euskal Herria bake eta demokrazia agertoki batera eramateko EAko kideak lan handia egin zuela gogoratu du Pello UrizarrekGaur egingo dituzte Sabin Intxaurragaren aldeko hileta elizkizunak, Zeanurin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu