EA-ren Biltzar Nagusiaren ondorioak

Intxaurragak eta Iztuetak, oraingoz, sailburu izaten jarraituko dute

Sektore kritikoarekin lerratzeagatik Sabin Intxaurragaren eta Anjeles Iztuetaren Jaurlaritzako karguen inguruan sortu den eztabaida ez du aztertu EAko zuzendaritza berriak, gaur aurreneko aldiz batzartu den arren. Horrenbestez, Ingurumen sailburu izaten segituko du, oraingoz, Intxaurragak, eta Hezkuntzako sailburu izaten Iztuetak. Dena den, karguan berretsi ere ez dituzte egin.

2003ko azaroaren 25a
18:13
Entzun
EAko zuzendaritza berriak, Begoña Errazti presidentea buru zela, gaur egin du aurreneko bilera. Onintza Lasa Komunikazio arduradunak esan duenez, kideen artean lehen harremanak egiteko baliatu dute bilera, eta ez dute aparteko gairik aztertu.

Bilera horren inguruan jakinmin handia zegoen, hain zuzen ere, asteburuko Biltzar Nagusian sektore kritikoaren alde egin zuten Sabin Intxaurraga eta Anjeles Iztueta Jaurlaritzako sailburuek beren karguak alderdiaren esku laga beharko lituzketela esan zuelako atzo Erraztik.

Alabaina, gai hori ez dutela aztertu esan du Onintza Lasak, eta, beraz, Intxaurragak eta Iztuetak sailburu izaten jarraitzen dutela. Nolanahi ere, karguan berretsi ere ez dituzte egin. EAren aurreko Biltzar Nagusian, sasoi hartanJaurlaritzan ziren Patxi Ormazabal eta Inaxio Oliveri sailburuak sektore kritikoarekin lerratu ziren, baina ordukoan, Errazti presidenteak berretsi egin zuen karguan segituko zutela.

Kazetariek Lasari galdetu diotenean ea datorren hilean Intxaurragak eta Iztuetak karguan jarraituko duten, ez dakiela erantzun du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.