Iosu Murgia izango da Aralarren Bizkaiko zerrendaburua

Bilboko Udalerako eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaiak aukeratu ditu Aralarrek

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Bizkaian «benetako politikak» egiteko, proiektu «abertzalea eta ezkerrekoa» gauzatu nahi du Aralarrek. Hala esan zuen atzo Iosu Murgia Bizkaiko Aralarreko koordinatzaileak, Bilbon egindako batzarrean. Datorren urteko udal hauteskundeei begira, Bizkaiko Batzar Nagusietarako eta Bilboko Udalerako hautagaiak zehazteko egin zuten batzarra, eta Murgia bera izendatu zuten Batzar Nagusietarako hautagai. Bilboko Udalerako, Felipe Urkidi aukeratu dute zerrendaburu.

Jada hautagai izendatuta, Aralar «benetako alternatiba» dela esan du Murgiak, eta «politika neoliberalei bestelako proposamenak egiteko gaitasuna» dutela defendatu du. Bizkaia lurralde «sozialago, ekintzaileago eta ekologikoago» bat izatearen alde lan egingo duela gaineratu du.

Aralarrek Bilboko Udalean ordezkaritza lortu eta Bizkaiko Batzar Nagusietan duena sendotu nahi duela azaldu du Murgiak, «Bizkaia eta, oro har, Euskal Herria ezkerrekoa eta abertzalea izateko». Orain arte ordezkaritza izan ez duten herrietan ere zerrendak aurkeztuko dituztela argitu du.

Hauteskundeei begira Aralarrek «ilusioz eta arduraz» jokatuko duela esan du Murgiak, baina maiatza bitartean euren proiektua sendotzearen aldeko lana egingo dutela agindu du: «Herritarren konfiantzari zor diogu».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.