Legeak ez ditu behartzen zerrendak hautes-orriak bozka-bulego guztietara eta hautesle guztien etxeetara igortzera. Zerrenda batek nahi adina bozka-orri inprimitu ditzake, bozemaileen bikoitza baino %20 gehiagoko kopururaino. Eta orri horiek non banatu ere hauta dezake. Propaganda batzordeari behar den epean jakinaraziz gero, batzorde horrek udal eta bozka-bulego jakin batzuetan baizik ez lituzke ezarriko orriak. Departamendu bakoitzeko batzorde bat dago.Berez, Bordele, Okzitania, Tolosa eta Montpellierreko hautesleek bezalako hautua izanen dute Ipar Euskal Herriko biztanleek. 4 milioi bozemailek osatzen duten hautesbarrutiko zati txiki bat baizik ez da Ipar Euskal Herria. Eta zerrenda abertzale bat aurkezten balitz, eremu zabal horretan aurkeztuko litzateke. Eremu zabalegia, ez itotzeko. Eremu guztian lortu bozen %3 gutxienez eskuratu behar da hauteskunde kanpainako gastuak ordainduak izan daitezen. Abertzaleek Ipar Euskal Herritik kanpo ez lukete boz nahiko bilduko batez besteko horretara heltzeko. Hautes-orriak Ipar Euskal Herrian bakarrik banatuz, gastu ekonomiko handia izanagatik, desafioan parte har dezakete.Parte-hartze sinbolikoa litzateke. Hautetsien lortzeko, bozen %5a gainditu behar da. Aulki kopuruak proportzionalki banatuko dira, %5a gainditu duen zerrenda bakoitzak lortu boz kopuruaren arabera.
Orain arte, Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetako zerrenda Frantzia osoan aurkezten zen. 87 parlamentari hautatu behar izaten ziren. Alderdi politikoek 87 izeneko zerrenda osatzen zuten. Aldi honetan, Frantzia zortzi hautesbarrutitan banatu dute. Hego-mendebaldea izeneko barrutiak Akitania, Midi-Pyrennees eta Languedoc-Roussillon eskualdeak biltzen ditu. Eskualde zabal horretatik hamar eurodiputatu hautatuko dituzte ekaineko hauteskundeetan. Hautesbarruti bakoitzari dagokion diputatu kopurua jendetzaren arabera neurtu da. Frantziatik, orotara 78 diputatu joango dira Bruselara. Hauteskunde sistema berriarekin, alderdi nagusiek oraindik aulki gehiago lortzeko erraztasunak izan ditzakete. Bertzela errateko, alderdi txikiak oraino hau-tetsi gutxiagorekin geldi daitezke.
Europako Batasuneko biztanlea hauteskunde horietan aurkez daiteke, nahiz eta bertze estatu batekoa izan. Haatik, hainbat dokumentu helarazi behar ditu. Jatorriz Hego Euskal Herrikoa den biztanlea aurkez daiteke Ipar Euskal Herria hartzen duen eremuko hauteskundeetan. Horretarako, helbide bat behar du frantses administrazioaren baitan dagoen lurraldean. Bestalde, bere estatuko ziurtagiri bat behar du, inabilitaziorik ez duela dioena. Horrez gain, ez du bertze estatu batean hautagai izateko eskubiderik eta ez dela hautagai ziurtatzen duen deklarazio bat eman behar du. Hautagai batek zerrenda bakarrean eta estatu bakarrean aurkezteko eskubidea du bakarrik.
-
Arauak
Hautesbarrutia: Akitania, Midi-Pyrenees, Languedoc-Roussillon
Aulki kopurua: 10
Zerrendak: 20 hautagai, zerrenda bakoitzeko.
Epeak: Maiatzaren 17 eta 28 bitartean aurkez daitezke hautagaitzak.
Kanpaina: Maiatzaren 31tik ekainaren 12ra.
Baldintzak: Hauteskunde egunean gutxienez 23 urte behar dira hautagai izateko, hautesle izan behar da eta «zerbitzu nazionala» burutua ukan.
Debekuak: Hautagai bat ez daiteke bi zerrendatan aurkeztu, ezta bi estatutan ere.
Kargu metatzea: Europako diputatuak ez daitezke Frantziako diputatu izan, ez eta zinegotzi, kontseilari nagusi edo eskualde kontseilari ere. Haatik, auzapez, Eskualde Kontseiluko lehendakari edo Kontseilu Nagusiko lehendakari izan daiteke.
Hautetsiak: Aulkiak bozen %5 gainditu dituzten zerrenden artean banatzen dira, bakoitzak lortu boz kopuruaren arabera.
Bozen emaitzak: Bozen emaitzak ezin izango dira publiko egin ekainaren 12ko 22:00ak arte, hala nola Italiako bulegoak itxi arte.