Ipar Euskal Herria «oso hunkitua» dela adierazi du Baionako ospitaleko zuzendaritzak

Erietxean ohe gehiago jarri dituzte suspertze zerbitzuan, larrialdiari aurre egiteko Plan Zuriari jarraikiz.

Baionako ospitaleko zuzendaritzaren prentsaurrekoa. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko urriaren 28a
12:31
Entzun

Baionako ospitaleko zuzendaritzak prentsaurreko bat egin du gaur goizean, Lapurdiko hiriburuan, erietxean atzo ezarritako Plan Zuria zertan den azaltzeko. Izurriari aurre egiteko ezarri dituzte neurri bereziak. 

«Epidemia azkartuz doa. Birusa fite hedatzen ari da, denetan. Ipar Euskal Herria osoki hunkitua da», esan du Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendariak.

COVID-19 gaitza dutenak artatzeaz gain bestelako eritasunak dituztenak ere «molde egokian» artatzeko baliabideak ezartzen ahal dituzte Plan Zuriaren bidez. Esaterako, hamabi ohetik 27ra pasatuko dira koronabirusa dutenak artatzeko. Halere, larrialdikoak ez diren ebakuntza zenbait atzeratuko dituzte, baina, oraingoz, ez udaberrian bezainbat.

Suspertze zerbitzua saturaziora heldu denez, hamabost ohetik hogeira pasatuko direla azaldu du Glanesek.

Goizean, 40 bat paziente artatuak dira koronabirusagatik, 34 Ipar Euskal Herrikoak. Horietako hamahiru BAM eremukoak dira (Baiona, Angelu, Miarritze), eta 21, beste herri batzuetakoak.

Azaldu dutenez, izurriaren hasieratik hemezortzi paziente zendu dira Baionako ospitalean. Beste 159 sendatu egin dira, eta 47 bestelako osasun zentroetara joan dira. Guztira 263 pertsona artatu dituzte.

Orain artatuak diren paziente gehienek «etxean eta familian» bildu dute birusa, Baionako infekziologoaren arabera. Larrialdiko zenbakia (hamabost) «ez da saturatua», Michel Glanesen arabera. «Oso garrantzitsua da deitzen segitzea, edozein patologia izanda ere».

Salatu dutenez, osasun langileak falta ditu Baionako ospitaleak. Izan ere, ehun langile baino gehiago lan geldialdian dira, zaurgarri direlako. Zuzendaritzak gaineratu duenez, ospitaleko langileen %2 eta %2,5 artean, hau da, ehun bat kutsatu dira, gehien-gehienak ospitaletik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.