Irailaren 25ean egingo dira Frantziako Senaturako hauteskundeak. 348 aulkietarik 170 dira berrituko, eta horietarik hiru dira Ipar Euskal Herrian eta Biarnon erabakiko. Gaur egun, Euskal Herritik bi senatari dira, Miarritzeko (Lapurdi) Didier Borotra zentrista eta Annie Jarraud-Vergnolle sozialista, Pirinio Atlantikoetako departamendutik Auguste Cazalet (UMP) badelarik ere.
Nahiz aurkezteko epea ez oraino bukatua izan, Zuberoan, Nafarroa Beherean zein Lapurdin, batek baino gehiagok adierazia dusenatari izateko gogoa: UMP alderdiarentzat Jean Castaings eta Mixel Hiriart, zentristentzat Jean-Jacques Lasserre, Alderdi Sozialistako Jarraud-Vergnolle berriz aurkeztuko da, Europe Ecologie Berdeek (EEB) baita Herrien eta Eskualdeen Elkartasuna federazioak Sauveur Bacho Arberatzeko (Nafarroa Beherea) auzapez abertzalea eta Alice Leizagezahar dituzte hautagai, eta Gabi Mouesca abertzalea ere aurkeztuko da, independente. Ordezkoetan ere parrasta bat dira Ipar Euskal Herrikoak.
Gaur egun, eskuinaren eta zentristen arteko taldeak du gehiengoa, baina ezkerreko alderdiek nagusi ateratzea dute xede. Gehiengoa lortzeko «aukera» badutela diote sozialistek, baina horretarako «indarrak batu» behar direla. Jean Lissart EEBko bozeramaileak zehaztu duenez, Senatuan talde propioa osatu nahi dute, eta, horretarako, Senatuan hamabost hautetsi lortu beharko dituzte guztira; gaur egun, bost dituzte. Gehiengoa ezkerrak lortzea nahi dute, eta jada Alderdi Sozialistarekin solasean ari dira, bigarren itzulirako adostasuna lortzeko asmoz. Nahiz «desadostasun izugarri handiak» egon, adostasun hori lortzea posible dela «pentsatzen» dutela zehaztu du Bachok. Hori lortzeko asmoz, «abertzaleei eskua luzatzeko» prest agertu dira sozialistak. Horretarako zen seguru aski joan den astean Biarnoko Frederique Espagnac hautagai sozialistak egin hutsa: Jean-Mixel Galant (AB) Azkarateko (Nafarroa Beherea) auzapeza haren ordezko gisa aurkeztu zuen, alta, bi aldiz eskatu eta bi aldiz errefusatu zion proposamena hautetsi abertzaleak.
«Desadostasun politikoetarik at», indarrak batu nahi ditu Lasserrek ere. Sostengua adierazia diote jada eskuineko hainbat jendek, hala nola Max Brisson eta Claude Olive UMPko kontseilari nagusiek haren alde bozkatzera deitu dute.
Bozketa antidemokratikoa
Aho anitzetarik entzuten da bozketa hauek «antidemokratikoak» direla, herritar guztiek bozkatu beharrean «hautesle handiak» deitzen direnek dutelako bakarrik hautatzen. Horiek, diputatuak, eskualdeko kontseilariak, kontseilari nagusiak eta herriko kontseilarien ordezkariak dira. Guztira 235.000 hautesle diraPirinio Atlantikoetako departamenduan, eta Senaturako1.750 bat hautesle izanen dira soilik.
Herriko kontseiluen ordezkarien hautatzeko moldea ere kritikatua da maiz, hala nola 2008ko herrietako bozketan talde bakoitzak lortu boz kopuruaren arabera banatuak dira ordezkariak. Urruñako Herritarrak taldeak gogor salatu du «demokrazia eskas» hori, hiri horretan eskuinak hamabi ordezkari dituelako eta oposizioak hiru (abertzaleek bakarra dute). Salatu dute «demokrazia UMPko aginduen gibelean ezabatzen dela, horiek ahal bezainbat ordezkari behar dituztelako beren alde bozkatzeko».
Irailaren 5etik 16ra da hautagaitza aurkezteko epea.
Ipar Euskal Herrian anitz hautagai dira Frantziako Senatuko aulkiei so
Senatuko 348 aulkietarik 170 dira berrituko, eta horietarik hiru dira Ipar Euskal Herrian eta Biarnon erabakikoBigarren itzulian elkar sostengatzeko, jada ari dira negoziatzen ezkerreko alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu