Hogeitik gorako pertsona talde bat osatu da Martxoren 8ko greba deialdiari begira Ipar Euskal Herrian ere mugimendu feminista antolatzeko. Horien gain hartu dute grebara deitu eta mobilizazioak antolatzea. Grebalari Feministen Asanbladaren izenean izenpetu duten deialdian, gizon eta emakumeen arteko "egiazko berdintasunera" heltzeko, borroka feminista "ezinbestekoa" dela azpimarratzen dute, Martxoaren 8a, aldarrikapen horiek entzunarazteko eguna dela nabarmenduta.
Ipar Euskal Herrian egiten duten deialdia, mundu mailan eginen den greba feministaren barruan kokatu dute. Frantzia mailako sindikatu batzuek ere deialdia babestuko dutenez, berau "lege esparru legal batean" eginen dela baieztatu dute. Halaber, "borroka eta aldarrikapen" eguna izateaz gain, "truke eta topaketa feministarako unea ere izanen da, guztien artean berdintasunean eta feminismoan erroturiko biharamun bat eraikitzeko gisan". Ipar Euskal Herriko Grebalari Feministen Asanbladak, honako esparru hauetan deitu du greba egitera: soldatapeko lan esparruan, zaintza lanetan, masa kontsumoan, eta ikastetxeetan.
Greban parte hartzeko "molde eta ekintzak askotarikoak eta anitz" direla nabarmendu dute, eta irudimena erabiltzera dei egin. Martxoaren 4an eman dute ondoko hitzordua, 10:00etan Baionako Zizpa gaztetxean, "mobilizazioaz puntu bat egin eta gerokoa marrazteko".