Ipar Euskal Herrian maskara banaketa hasi dute

Gaur amaitu da 55 eguneko konfinamendua Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Derrigorrezkoa da maskara jantzita eramatea, eta herriko etxe batzuetan ilarak sortu dira, haiek lortzeko.

Maskarak egiten, Baionako txapel lantegi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 11
13:38
Entzun

Nolabaiteko normaltasunerako urratsa egiten hasi dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako biztanleak. Maskarak eramatea derrigorrezkoa da, eta enpresek ere banatuko dizkiete langileei. Hainbat herriko etxe banatzen hasi dira gaur, tartean Angelukoa, Miarritzekoa, Bidartekoa eta Kanbokoa (Lapurdi).

Parkeak eta bestelako berdeguneak zabaldu dituzte. Lizeotako ikasleak maiatzaren 18an itzuliko dira ikasgeletara. Lehen hezkuntzan, bihar itzuliko dira, baina gurasoek aukera edukiko dute erabakitzeko haurrak bidaltzea edo etxetik ikasten jarraitzea. 

Denda gehienak zabaldu ahalko dira gaur; ez, ordea, jatetxeak, tabernak, kafetegiak, museo handiak eta diskotekak.

Saltoki gune handiak, hau da, 40.000 metro koadro baino gehiago dituztenak irekitzeko, prefeten baimena beharko da. Edonola ere, hondartzek itxita jarraituko dute, prefetek ez badute kontrakoa erabakitzen, herriko etxeek eskatuta.

Miarritzen arazoak izan dituzte azken egunotan, ematen zuelako eskaturiko maskaretako batzuk ez zirela garaiz helduko. France Bleu irratiak zabaldu duenez, Donostiako Udalak maskarak eman dizkio Miarritzekoari, eta eskatutakoak heldu egin dira azkenean. Denera, 31.500 maskara dituzte banatzeko, eta bozkalekuetan ari dira ematen. Nortasun agiria eta errolda agiria aurkeztu behar dira maskara lortzeko, eta pertsonako bana jaso ahalko da. Baldintza berak ezarri dituzte Angelun. Han 40.000 banatuko dituzte. Udalak esan duenez, dagoeneko 28.000 eman dituzte.

Kanbon, berriz, atzo hasi ziren 3.000 maskara banatzen. Herriak 6.660 biztanle ditu, eta atzo goizean 1.900 banatu zituzten.

Gaurtik aurrera, arrisku taldeetako kideek ez dute derrigorrez konfinaturik egon beharko, eta inork ez du agiririk eraman beharko etxetik ateratzeko.

Maiatzaren amaieran berriz aztertuko dute egoera, neurriak lasaitzeko erabaki gehiago hartzeko. Dena ondo bidean, ekainaren 2tik aurrera arindu lirateke egoera gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.