Ezker abertzaleak, ABk, Alternatibak, EAk eta Aralarrek gogora ekarri dute joan den urteko apirilean Ficoban izenpeturiko akordio estrategikoa. Hego Euskal Herrian EH Bildu ezkertiar eta abertzaleen erreferente den ber, Ipar Euskal Herrian EH Bai izatea bultzatuko dute. Horrela adostu zuten ABk, EAk eta ezker abertzaleak joan den udazkenean egindako biltzar nagusietan.
EH Bairen lana bost ardatz nagusiren inguruan garatuko da:
- Ipar Euskal Herriarentzat instituzio bat aldarrikatzea.
- Nazio eraikuntzan aritzea.
- Gatazkaren konponbide demokratikoa bultzatzea.
- Euskararen aldeko borroka egitea.
- Arlo sozioekonomikoan, borroka sektorialak lantzea.
Zatiketa, gainditua
Alderdi abertzaleen zatiketa gainditutzat jo dute, izenpetu duten akordioaren bidez. Etorkizunean, hauteskunde garaietan ez ezik, eguneroko lanean ere ahots batez mintzatzeko tresna izanen da EH Bai, baieztatu dutenez.
Antolakuntza arloko jauzia historikoa dela adierazi dute, mugimendu politiko bateratua lanerako tresna bihurtuko dutelako, erreferente nagusia.