Ezpeletako piperrak indar berria eman dio euskal departamenduaren aldeko mugimenduari. Ipar Euskal Herriko auzapez gehienak euskal departamenduari buruzko erreferendum baten alde daude. Emaitza hori agertu zen Ezpeletan, herenegun, Piper besta ospatu zen egun eta leku berean. 159 auzapezetatik 131k parte hartu dute bozketan. Horietatik 76, hala nola ia %64, erreferenduma antolatzearen alde dira.
Euskal departamenduaren aldekoek helburuak bete dituzte. Parte-hartze zabala nahi zuten, hala izan da. Gehiengo handi batek erreferendumaren alde bozka zezan nahi zuten, hori ere lortu dute. Sauveur Bacho euskal departamenduaren aldeko hautetsien elkarteko lehendakaria biziki kontent agertu da emaitza horiekin. «Emaitza horiekin, eztabaida berriz abiatzen da». Dei zuzen bat egin die Miarritzeko auzapez eta senatari Didier Borotrari eta Baionako auzapez eta diputatu Jean Greneti. Bi horiek iragarri zuten ez zutela bozketan parte hartuko, «denbora galtzea» zelakoan. «Emaitza hauek ikusiz, hauxe erranen nieke: mugi daitezela!». Baiona, Angelu, Miarritze eta Donibane Garaziko auzapezek ez dute bozkatu. Duela bederatzi urte ere hiri handietako auzapezek ez zuten parte hartu, euskal departamenduari buruzko bozketan. Daniel Poulou diputatuak Auzapezen Biltzarraren biltzar nagusian duela bederatzi urteko bozketa berriz egitea proposatu zuen, orduko jarrera aldatu ote zen ikusteko. Galdera ez zen hark espero zuena, baina emaitza bertsua izan da. «Ene ustez, emaitza honek ez du erakusten ea euskal departamenduaren aldekoak lehen bezainbat diren. Normala da erreferendumaren alde izan dadin gehiengoa». Hala ere, oro har, igandeko emaitzek erakusten dute euskal departamenduaren aldekoen eta aurkakoen arteko indar harremana ez dela aldatu.Euskal departamenduaren aldarrikapena indarberriturik ikusten dute horren bultzatzaileek, eta kanpaina fase berri batean sartuko dela iragarri dute. Pirinio Atlantikoetan erreferenduma antolatzea eskatzeko izenpetze biltze kanpaina abiatuko dute. 46.000 hautesleren sinadura behar dute departamenduari erreferenduma antola dezan eskatzeko. Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariak, ordea, berretsi du ez dela bere eskumena horrelako erreferendum baten antolatzea. «Eztabaida baketsua» izan dadin eskertu du, eta «ideia eztabaida oro interesgarria» dela azpimarratu.
EUSKAL DEPARTAMENDUA
Ipar Euskal Herriko auzapezen bi heren erreferendumaren alde
Auzapezen Biltzarrak antolatu bozketan parte hartze zabala lortu dute, eta %64,87k baietz bozkatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu