Ipar Euskal Herriko egoitzetako langileak txertoa hartzera behartuko ditu Frantziako Gobernuak, haiek beren ekimenez egiten ez badute, Olivier Veran Frantziako Gobernuko Osasun Ministroak gaur iragarri duenez. Auzi «etikoa» dela esan du, eta ez dagoela txertoa ez jartzeko justifikaziorik. Txertatzeari uko eginez gero, «betebeharra» proposatuko du gobernuak, Veranek ohartarazi duenez.
Halaber, jakinarazi du uztailean irekiko dituztela berriro diskotekak, eta, horretarako, osasun protokolo berri bat jarriko dutela martxan. «Osasun protokolo bat lantzen ari gara, uda honetan diskotekak irekitzeko» esan du. Gaueko aisialdia «baldintza oso zehatzekin» irekiko dutela gaineratu du. Hala ere, irekitzeko data zehatza Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidentearen esku dagoela esan du; izan ere, ekainaren 21ean sektoreko ordezkariekin bilduko da gaia aztertzeko.