“Eskerrak eman nahi dizkizuegu Aietez geroztik presoon eta gure hurkoen alde burututako ekimenengatik, baina batez ere bake prozesua bururaino hel dadin egiten ari zareten ahaleginagatik”, dio EPPK-k.
Agirian, hilaren 7an presoen kolektiboko bi ordezkarik Reauko espetxean (Frantzia) Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideekin izandako bilerari buruzko xehetasunak ematen dituzte.
Horrez gain, abenduaren 9an Parisen presoen eskubideen alde eginiko mobilizazioa nabarmendu du EPPK-k. Eta aurten hildako preso eta iheslariak gogoratu ditu; zehazki, gaixotasun larri batengatik baldintzapean aske zen Belen Gonzalez Penalva eta Mexikon zendutako Xavi Perez de Nanclares.
Jakinarazi du, halaber, urtarrilaren 13an bisita edo “ikustaldi greba” egingo dutela presoek, egun horretan Bilbon egingo den mobilizazioa· “indartzeko”.