Gero eta sostengu zabalagoa lortzen ari da euskal presoen aldeko aldarria. Gaur, adibidez, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako bortz parlamentarik, 21 eskualde kontseilarik, zazpi departamenduko kontseilarik, 26 auzapezek eta 102 zinegotzik egin dute bat heldu den larunbatean Bilbon eta Baionan eginen dituzten manifestazioekin. Herritarrak mobilizazioan parte hartzera animatzeaz gain, Frantziako Gobernuari eta Christiane Taubira Justizia ministroari ere egin diote deia: "Hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen diogu". Bertzeak bertze, presoak hurbildu eta elkartzea, larriki eri diren presoak askatzea eta baldintzapeko askatasun eskaerak onartzea galdegin dute.
"Kolore politiko guzietako" hautetsiak daude deitzaileen artean, nabarmendu dutenez. Konparazio baterako, manifestazioarekin bat egin dute Colette Capdevielle eta Sylvaine Alaux diputatu sozialistek, Jean Lassalle diputatu zentristak, Françoise Coutant Akitaniako zerrendaburu ekologistak eta Michel Veunac Akitaniako eskuineko kontseilari eta Miarritzeko auzapezak. Badira urrunagokoak ere: Paul Molac Bretainiako diputatua, adbidez, edota Vienne departamenduko Thierry Perreau kontseilaria.
Larunbaterako, gehiago
Azaldu dutenez, atxikimenduen zerrenda ez dago itxia, eta larunbatera arte izen gehiago emanen dituztela espero dute. Deitzaileen artean ez egonagatik, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidenteak ere bat egin du manifestazioaren helburuekin.