Iparragirre, Albisu eta beste zortzi epaituko dituzte astelehenetik aitzina

Frantziaren jarrera salatu eta abian jarri nahi den prozesuaren testuinguruan kokatu du auzia Askatasunak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Frantziako Estatuak Euskal Herriko gatazkan duen esku-sartze zuzena agerian geratuko da», Askatasunaren irudiko, datorren astelehenetik aurrera Parisen eginen den epaiketan. 2004ko urriaren 4an Ipar Euskal Herrian eta Biarnon egin sarekada handian atxilotutako bederatzi lagun eta beste euskal herritar bat epaituko dituzte: Mikel Albisu, Marisol Iparragirre, Mikel Negrete, Joxe Ramon Arrano, Juan Kruz Maiza eta Peio Alcantarilla euskal presoak eta kontrol judizial pean diren Lurdes Urdanpilleta, Robert Arranbide, Miriam Inzabi eta Xabi Oxarango. Epaiketa Parisko Asisetako auzitegian izango da, eta abenduaren 17ra arte iraungo duela uste da.

Epaiketan Euskal Herriaren egoeraren alde ezberdinak aipatzeko aukera izango dela dio Askatasunak. Hori azaldu zuten Muriel Lucantis eta Anaiz Funosas Askatasunako ordezkariek, atzo, Baionan egin prentsaurrekoan. Bertan egon zen baita Amaia Rekarte abokatua ere.

Funosasek zehaztu duenez, ezker abertzaleak hasitako prozesu demokratikoaren testuinguruan kokatu nahi dute epaiketa. Hori dela eta, aro berri horretaz hitz egiteko «parada» izango da Parisko Asisetako auzitegian. Askatasunak gaitzetsi du prozesu demokratikorantz doazen pausoak alde bakarrekoak direla eta Espainiako Estatuak oraindik ere «pauso errepresiboak» ematen dituela. Frantziako Estatuak, berriz, «isilik» eta «mespretxuka» segitzen duela salatu dute.

Frantzia eta bake prozesua

Joera «lotsagarri» eta «arduragabea» bazterrera utziz, euskal herritarrek xede duten prozesu demokratikoan inplikatzeko deia egin nahi diote epaiketa horretan Frantziako Estatuari.Hain zuzen, nahiz Frantziak erran kooperazio politika eramaten duela, Askatasunak dio Euskal Herriko gatazkan parte-hartze «zuzena» eta «aktiboa» duela. Hori dela eta, prozesu demokratikoa oztopatu ordez, «antiterrorismoaren» izenean eginak diren legediak bertan behera uzteko eskatuko diote.

Hori izango da epaiketan pasaraziko duten mezuaren «edukia», Lucantisek jakinarazi duenez.

2004ko sarekadak «errepresioa gogor handitu» zuela oroitarazi zuen Rekartek. Batetik, euskal preso politikoei aplikarazten dizkieten «salbuespenezko eta ezohiko» neurriak aipatu ditu, eta argi utzi du Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren aurkakoak direla. Adibidez, 2004az geroz dira maison d'arrêt kartzeletan, alta, legearen arabera, eremu horiek denbora gutxirako dira finkatuak. Bestetik, senideek eta hurbilekoek jasan «erasoak» eta «mehatxuak» ere salatu ditu.

Baina tratuak gogortu arren Euskal Preso Politikoen Kolektiboa azkartuz doala ikusiz, argiki ohartarazi du «sistema horrekporrota» dakarrela.

Elkartasunez, autobus bat abiatuko da igande gauean 20:00etan Donibane Lohizunetik, eta 20:30ean Baionatik pasatuko da. Elkarretaratzeak egingo dira Euskal Herriko hainbat herritan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.