Espetxe Zaintzako epaileak Ibon Iparragirre euskal presoaren osasun egoerari buruzko iritzia eskatu dio Madrilgo Medikuen Elkargoari, Iparra Galdu Baik plataformak jakitera eman duenez.
Iñaki Goioaga Iparragirreren abokatuaren arabera, "albiste txarra" da epaileak beste txosten bat eskatu izana, eta Iparragirre aske uzteko erabakia "atzeratzeko" neurria dela salatu du, "dituen arrisku guztiekin". Espetxeko medikuak bi txosten "oso gogor" idatzi ditu dagoeneko, Goioagak azaldu duenez, presoaren "egoera larria" dela eta. Castro epaileak Iparragirreren egoerari buruzko txostena eskatu zion orain bi aste Alcala Meco espetxeko medikuari.
Iparragirrenen abokatuek eskuetan duten informazioa helarazi diote Madrilgo Medikuen Elkargoari, presoaren egoera aztertu ahal izateko.
Iparragirreren askatasunaren aldeko giza katea egingo dute bihar, Basaurin. Espetxea eta osasun-etxea lotuko dituzte, 12:00etan.
Presoa gaixotasun egoera larrian dago; hiesa du fase garatuan eta horrek ondorio neurologikoak eragiten dizkio. Joan den urrian, "amildegiaren ertzean" dagoela salatu zuten iparragirreren senideek.