PSren proposamena aurrera aterako balitz, Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes bilduko dituen eskualdearen barnean murgilduko litzateke, ororen buru, Ipar Euskal Herria; 5,8 milioi bat biztanleko eskualdean —Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 285.000 lagun bizi dira—. Frantziako Errepublika gaurko egunean 22 eskualdek osatzen dute eta, lurralde erreformaren bidez, hamahirura pasatzearen alde bozkatu zuten atzo PSko diputatuek euren arteko bilkuran —Frantziako Asanblean gehiengoa du PSk—. Hango 73 diputatuk dute bozkatu alde, 21ek kontra.
Frantziako Gobernuaren hasierako ideia hamalau eskualdetara pasatzea zen. Lege proiektua bera bardaz geroztik legebiltzarreko diputatu ororen esku da, eta oraindik aldaketak ekarriak izan daitezke.
Dena dela, funtsean, ezadostasunak diputatu sozialisten artean ere entzun dira. Hasiz Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistaren partetik; Akitania Midi-Pyrenees eskualdearekin elkartzeko lege zuzenketaren xedea agertu du, beste zenbait diputaturekin, «koherentea» iruditzen zaiolako, «geografikoki, kulturalki eta ekonomikoki». Baina Sylviane Alaux Euskal Herriko beste diputatu sozialistak, adibidez, ez du bat egiten proposamen horrekin. Capdeviellek aitortu du beren proposamena bertan behera geldituko dela, sostengu eskasagatik. Midi-Pyrenees Languedoc-Roussillonekin dute elkartzekoa.
Kexu ozenenetakoak Bretainia aldetik entzun daitezke. Izan ere, berrantolaketa horren barnean, eskualde anitzen elkartzea dago jokoan. Naoned hiriburutzat duen Loire Bretainia Atlantikoari berriz ere lotzea eskatzen dute aspaldi honetan, Bretainia historikoa eskuratzeko gisan. Apirilean, hamar mila lagun bildu ziren horren alde Naoneden, ekainean bost mila gehiago. Diputatuen artean ere badira horren alde; François de Rugy diputatu ekologista tartean. Aldarrikapen sustraitu horrek erantzun baikorrik ez izatea deitoratu du hark Libération-en: «Badirudi eginahalak egiten direla nortasun bat, indar bat daukaten eskualdeak argitara jalgi ez daitezen». Hori Bretainian «zigor bat» bezala bizia dela gaineratu du.
Zuzenketa bat
Oraindik mapa arramoldatzeko aukera guztiak ez dira amaituak. Izan ere, itxura guztien arabera, diputatuek zuzenketa bat adostuko dute departamenduek «aukeratzeko eskubidea» izan dezaten. Legea bozkatu ondoren eta eskualdeko eta departamenduko hauteskundeak iraganik, 2015. urtean, departamendu batek beste eskualde bat aukera lezake bostetarik hiru horren alde badira. Bai departamenduan, baita utzi nahiko lukeen eskualdean ere «konplikatua» izanen dela aitortu du Rugy diputatuak. Saiatuko dira gehiengo sinplean adostu ahal izateko. Legearen azterketa etzi bururatzekoa dute diputatuek, bozketa eginda. Gero berriz ere senatura joatekoa da legea. Azken hitza Asanbleak du.