Hizkuntza gutxituei buruzko topaketak izan dira gaur Baionako Unibertsitateak, Guy Carcassonne Paris X Nanterreko Unibertsitateko irakaslearekin eta Michel Alessio Frantziako Gobernuaren hizkuntzetarako zuzendaritza orokorreko proiektu buruarekin, eta biek aitortu dute euskarak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan lege aldetik aurrerantzean ere erraztasunik ez duela izango.
"Frantziako Konstituzioan aldaketa egin beharko litzateke euskarak frantsesak adina eskubide izan ditzan", esan du Carcassonnek. Haren arabera, gobernuak ez du hizkuntza gutxituen aldeko Europako karta sinatuko Konstituzioko 75.1 artikulua aldatu artean. Bera euskararen ofizialtasunaren alde ez dagoela azaldu du Carcassonnek, hori "sinboloen arteko borroka" delakoan.
Alessiok ez du prestutasunik agertu egungo legedian aldaketa egin eta euskara normalizatzeko. Hark esan du araudia aldatu gabe euskararen aldeko ekimenak har daitezkeela.
BERRIAk bihar Harian saila Baionako gaurko topaketerekin egingo du.