Osasun ziurtagiriaren erabilera orokortzeko balioko duen legeak sumina piztu du Ipar Euskal Herriko hainbat biztanlerengan. Legea etzi sartuko da indarrean. Erabakiaren gaineko adostasun eza erakusteko, mobilizazio jendetsuak izan dira arratsaldean Iparraldeko zenbait herritan. Besteak beste, Baionan, Hendaian eta Donibanen Garazin aldarrikatu dituzte legearen kontrako mezuak.
Lapurdiko hiriburuan izandako protesta izan da jendetsuena. Izan ere, 3.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte manifestazioan. Baionako udaletxetik abiatu, eta hiriko alde zaharreko karrikak zeharkatu dituzte. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen kontrako ahotsak ozenak izan dira, besteak beste.