Atxiloketak

Iparraldeko Batasunaren kontrako sarekada egin du Frantziako Poliziak

Xabi Larralde, Jean Claude Agerre, Jean Francois Lefort, Maider Duhalde, Jon Irazola, Antton Etxeberri, Haritza Galarraga, Jokin Etxeberria, Aurore Martin, Patricia Martinon, Guiliano Cavaterra eta Frederic Karrikart dira atzeman dituztenak, eta operazioak zabalik segitzen du. Baionako egoitza miatzen ari dira. Rubalcabak dio lau atxilotu EHAK-koak direla. Iturri ofizialen arabera, atxiloketek Ducasse sukaldariaren Bidarraiko jatetxe-hotelaren aurkako erasoekin eta ezker abertzalearen finantzaketarekin dute zerikusia.

2008ko irailaren 24a
18:22
Entzun
Frantziako "terrorismoaren aurkako epaitegiak" aginduta, Frantziako Poliziak gaur goizean Ipar Euskal Herriko Batasuneko hamabi kide atxilotu ditu, euren etxeetan. Xabi Larralde (Baionan), Jean Claude Agerre (Jutsin), Jean Francois Lefort (Lekuinen), Maider Duhalde (Lekuinen), Jon Irazola (Lekornen), Antton Etxeberri (Donapaleun), Haritza Galarraga (Senperen), Jokin Etxeberria (Urruñan), Aurore Martin (Baionan), Patricia Martinon (Aiherran), Juliano Cavaterra (Baionan) eta Frederic Karrikart (Baionan) dira atzeman dituztenak. Poliziak Zigor Gojeaskoetxea atxilotu nahian ere badabiltza; ez dute aurkitu etxean -Miarritzen bizi da-.

Ikuskizun dago Mirentxu Lako, Anita Lopepe eta Eñaut Elosegi ere atzematen dituzten, atxilotuetako hirurekin bizi direnez haien etxeak miatzen ari baitira, hirurak bertan direla. Lako haurdun dago, bederatzi hilabeteko.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan du atxilotu dituztenen artetik lau EHAK-koak direla. "Besteak ezker abertzalekoak dira". Rubalcabaren arabera, denera hamalau lagun atzeman dituzte. Michelle Alliot Marie Frantziako Barne ministroarekin batzartu da gaur Toulonen (Frantzia), eta bileraren ostean egin ditu adierazpen horiek..

Horretaz gain, Batasunak Baionan Cordeliers karrikan daukan egoitza miatzen ari da Polizia, eta operazioak zabalik jarraitzen duela dio. Marie Antoinette Houyvep eta Laurence LeVert epaileak ari dira sarekada zuzentzen, eta biak Euskal Herrian dira. Goizeko seietan hasi dira jendea atxilotzen, eta arratsaldeko seietan Baionako Batasunaren egoitza eta atxilotuetako hainbaten etxeak miatzen jarraitzen zuten.

Iturri ofizialek zabaldu dutenez, bi auzirekin dute zerikusia gaurko atxiloketek: batetik, 2006an Alain Ducasse sukaldariaren Bidarraiko jatetxe-hotelaren kontra egindako erasoarekin, eta, bestetik, Parisko fiskaltza "mugimendu abertzalea tabernen bidez finantzatzearen" inguruan egiten ari den inkestarekin. Lehenarekin lotu dituzte atxilotuetako zazpi -ez dute zehaztu zeintzuk- eta finantzaketarekin beste bostak.

Bigarren auzi horrek Kalaka Donibane Garaziko (Nafarroa Beherea) ostatuaren aurka iazko irailean egindako operazioarekin ere badu zerikusia. Gaizkile elkarteko kide izatea eta Kalakaren bidez "mugimendu independentisten aldeko diru zuriketa egitea" leporatu zieten orduan atzeman zituztenei, eta haietako lauk preso segitzen dute. Joan den astelehen goizean Nafarroa Beherean beste sei lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak sarekada horrekin lotuta -denak aske utzi zituen gauerako-, eta, Kalakaz gain, poliziek euskalgintzako eta abertzaleen arloko izen zerrenda ere erakutsi zieten, galderak eginez.

Ezker abertzaleak ustez herriko tabernen bidez egiten duen finantzaketarekin ere badu ikustekoa operazioak. Laurence Levert Frantziako epailearen aginduz Ipar Euskal Herrian 33 kontu izoztu zituzten apirilean: Batasuneko zazpi kiderenak, haien familienak -tartean, haurrenak- eta hiru argitaletxerenak.

Batasuna Ipar Euskal Herrian legezkoa da, Hego Euskal Herrian ez bezala -2003an utzi zuen Espainiako Justiziak legetik at-. Batasuneko Hegoaldeko zuzendaritzako kide gehienak preso dauzkate, iazko urritik egin dituzten operazioen ondorioz; ETArekin zerikusia izatea egozten diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.