Euskararen normalizazioa

Iparraldeko erakundeekin izandako lankidetza ontzat eman du Jaurlaritzak

Hiru urte daramatzate Iparraldeko eta Hegoaldeko herri-erakundeek elkarlanean. Donostian bildu dira gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko eta Iparraldeko Euskara Erakunde Publikoko ordezkariak. Azken urteetan egindako lana "oso positibotzat" jo du Miren Azkarate Kultura Sailburuak eta gaur, akordio berri baten zirriborroa onartu dutela jakinarazi du.

2006ko irailaren 13a
16:59
Entzun
2003an Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Obragintza Publikoko partaide ziren ordezkariek protokolo bat sinatu zuten. Horri esker, Azkarateren ustez, zabaldu zen gaur Donostian bildu diren erakunde publikoen arteko elkarlana.

Lankidetza horrek, "hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza instituzionalerako oinarri sendoak jartzeaz gain, gure erakundeen arteko lan harreman normalizatu eta iraunkorrak ekarri ditu", adierazi du Azkaratek.

Egindako lana "positiboa izan da oso" Jaurlaritzaren ustez. Besteak beste hiru urte hauetan izandako lorpenak aipatu ditu Azkaratek: "konfiantzazko harremana eraiki dugu bi aldeetako erakunde publikoen artean, bai hautetsien mailan, bai zerbitzu teknikoen mailan ere".

Gaur, datozen urteetan ere lanean jarraitu ahal izateko aurreakordioa lortu dutela jakinarazi du Jaurlaritzako Kultura Sailburuak: "datozen urteotako elkarlan moduak finkatzeko urrats sendoak eman ditugu". Dirudienez, akordio berria hitzartzeko egin beharreko lana amaitzear dago. Izan ere, gaurko bileran ontzat eman dute akordio berriaren zirriborroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.