EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu dute 2013rako. Frantxua Maitia EEPko presidenteak eta Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak izenpetu dute agiria.
Besteak beste, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko hizkuntza gaitasun agiriak baliokidetzeko lanak hasiko dituzte, hitzarmen horren barruan.
EITBren seinalea hedatzeko ere elkarlanean arituko direla jakinarazi dute. V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak lehenbailehen argitaratzeko lanari ere ekingo diote.
Bi erakundeen arteko lankidetza ildoak eta diru funtsak zehazten ditu gaur arratsaldean izenpetu duten agiriak.
Bestalde, diru laguntzak emateko funtsa ere adostu dute. EEPk 1,6 milioi euro jarriko ditu euskararen erabilera sustatzeko ekimenak laguntzeko. Funts horri 400.000 milioi euro emango dizkio Jaurlaritzak —Uriarteren sailak iaz baino 57.000 euro jarri ditu—.
Funts horretatik, 350.000 euro deialdi irekien eta lehiaketen bidez banatuko dituzte. Gainerakoa lankidetza hitzarmenen bidez partituko du EEPk.