Euskara

Iparraldeko euskalgintzako 68 eragileri 1,39 milioi euro emango dizkiete Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak

Gaur sinatu dute akordioa, Baionan, Blanca Urgellek eta Max Brissonek, bi erakundeen artean otsailean adostutakoa. Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazi du euren lehentasuna EAE dela, "baina euskararen mapa kontuan" hartu eta "euskararen aldeko politika" egiten segituko dutela.

2009ko ekainaren 10a
13:03
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) otsailaren 23an izenpetu zuten Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikarako hitzarmena -hots, EAEren kasuan, aurreko legealdian-, eta gaur egin dute aurkezpena, Baionan. Otsailean Jaurlaritzako Kultura Saila EAJren esku zegoen (Miren Azkarate zen sailburua) eta ordurako 2009ko aurrekontuak onartuak zituzten -PSE-EEren laguntzarekin-, eta orain PSE-EEk du saila (Blanca Urgell). Honek gaur adierazi du euren lehentasuna EAE dela, "baina euskararen mapa kontuan" hartu eta "euskararen aldeko politika" egiten segituko dutela. Dena dela, ez du ziurtatu 2010ean aipatutako akordioa egingo duten, ezta zenbat jarriko duten ere.

Aurten, behintzat, 68 eragileri eta haien 86 proiekturi emango diete diru laguntza. Denera, 1.390.000 euro -iaz baino zerbait gehiago-. Hirugarren aldia da Jaurlaritzak eta EEPk hitzarmen mota hori izenpetu dutena. Urgell eta Ramon Etxezarreta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeaz gain, Max Brisson EEPko lehendakaria eta Frantxoa Maitia lehendakariorde eta Akitaniako kontseilaria izan dira aurkezpenean. Urgellek eta Brissonek sinatu dute akordioa.

1.390.000 euro horietatik 970.000 euro eragile nagusien artean banatuko dituzte: Seaska Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastolen elkarteari 225.000 euro, euskal irratiei 255.000, AEKri 255.000, Udalekuri 130.000.

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak 470.000 euro ipiniko ditu eta EEPk 920.000.

Maiatzaren 27an, berriz, EITBren euskarazko kate digitalak Ipar Euskal Herrian jasotzeko ituna sinatu zuten EITBko eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek, Bilbon, eta han izan zen Urgell ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.