ETAk armak utzi artean euskal lurralde elkargorik ez dela izango jakinarazi zuen Vallsek El País egunkariari egindako elkarrizketan, atzo. Eztabaidari tokirik ez uztea eta erabakia bakarrik hartzea gogor salatzen dute sozialistek gutunean.
Aieteko Adierazpena ere aipatzen dute. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko "errealitatea ezagutzeko", bertara etortzeko gomita egin diote Frantziako Barne ministroari.
Hautetsiak direla oroitarazirik, herritarrek "erakutsi konfiantza" ez dutela "traizionatuko" adierazi diote Barne ministroari.
Bake Bideak ere esan du elkargoa eta ETA ez direla nahasi behar
Vallsek Bake Bidea mugimendu zibilaren kritika ere jaso du. "Instituzionalizazio arloa ez da ETAren armen itzultzearen menpe izaten ahal", esan du Bake Bideak. Iparraldeko hautetsien gehiengo bat lurralde elkargoaren alde dela ekarri du gogora.
Adiskidetzearen eta euskal preso eta iheslarien aferak ere ETAk armak uztearen gaitik at utzi behar direla adierazi du mugimenduak. Izan ere, gai horietan ere Vallasek baldintza hori jarri du.
Ondorioz, Bake Bideak uste du Frantziako Gobernuaren jarrera "bake prosezu batean oztopo gisa" har daitekeela. Gainera, oroitarazi du berriki Poliziak bi euskal herritar atxilotu dituela Macon-en: Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide. "Frantziako Gobernuak burututako atxiloketak ezin du Aieteko bide orriarekin bat egin, jakinez eragile sozial eta politiko anitzek eta gizarte zibilaren parte batek gero eta gehiago prozesuaren alde mobilizatzerat deitzen dutela".
"Bake justu eta iraunkor baten alde" pausoak emateko eskatu dio Frantziako Gobernuari. Eri diren presoak askatzeko, presoak Euskal Herriratzeko eta, oro har, haien baldintzak hobetzeko eskatu dio, eta azpimarratu du eskakizun horiek "hemengo gehiengo baten eskaerak" direla.