Iparraldeko hondakinak Bordelera igortzeari utziko diote 2014 bukaeran

Baionako Canopia hondakindegia egiteko epeak errespetatzen ari direla dio Bil ta Garbik lanen aurkezpenean

Canopia hondakindegiko eraikuntza lanak abuztuan abiatu ziren, eta 2013ko bigarren seihilekoan bukatzekoak dira. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Bordelera (Gironda, Frantzia) igortzen diren hondakinak 2014 bukaeran Ipar Euskal Herrian geldituko direla jakinarazi du Alain Iriart Bil ta Garbiko presidenteak. Adierazpena Canopiako lanen aurkezpenean egin du, eta lanen egutegia errespetatzen ari direla azaldu. Iazko abenduan orubea garbitzeari ekin ondoren, maiatzean lurra tinkatu eta hodiak ezarri zituzten. Abuztuan eraikuntza lanak abiatu zituzten,eta datorren urteko maiatzean bukaturik egonen direla berretsi dute. 2013ko bigarren seihilekoan ekinen diote lanen doitzeari, eta 2014ko lehen seihilekoan hasiko dira ekipamendua baliatzen.

«Frantzian egin diren lantegi batzuetan nahiago izan dute hondakin guztiak berehala tratatu; baina, arazoak ekiditeko eta lantaldea egokitzeko, emeki-emeki abiatzea hobetsi dugu, urte bukaera aitzin Bordelera igortzen ditugun hondakin guztiak bertan tratatzeko», azaldu du Iriartek.

Orotara, Canopiak 90 milioi euroko aurrekontua ukanen du. 60 milioi euro azpiegitura ordaintzeko baliatuko dituzte; eta 30 milioi euro, Urbaser enpresak bost urterako duen kontratua ordaintzeko. Uztailean, Canopiari 1,9 milioi euro eman zizkion Ingurumena eta Energia kudeatzeko Agentziak. «Egitura horrek ez ditu xede arruntak laguntzen, birziklatzea eta lur ustelaren ekoizpena bultzatzen duten xedeak baizik», argitu du Iriartek. Europak ere 1,5 milioi euro emanen dizkio xedeari. 2010eko azaroan, gainera, Kontseilu Nagusiak hondakinen tratamendua egiteko 10,7 milioi euroko laguntza onartu zuen.

Azpiegiturak egiteko, 1.700 tona altzairu baliatuko dituzte; alegia, 1.400 Renault Espace autoren pisua. Egoitzak egiteko 15.000 metro kubo betoi altzairudun baliatu beharko dituzte. Eraikuntza guztiak baturik, bi hektareako eremua osatuko luke. Betoia inguruko lantegietan ekoitziko dute. Gaur egun, bost enpresatako 180 langile ari dira eraikuntza lanetan; orotara, 120.000 oren beharko dituzte eraikuntzak bukatzeko. Oraindik, 19.000 metro koadroko estalkiak egin beharko dituzte zabalean.

Xedea egokituz

«Hondakin kopurua murriztea eta birziklatze kopurua bikoiztea dira 2004an finkatu genituen helburuak», erran du Iriartek. Hondakin kopuru handiena ekoizten den gunean kokatu dute Canopia, Baionan alegia. Bereizketa, metanizazioa eta konposta egiteko gunean 75.000 tona hondakin landuko dituzte; enpresetako 5.000 tona hondakin eta birziklatze guneetatik igorritako errefusa ere bai, alegia 2.500 tona urtean. Bilketa selektiboa egiten duen gunean 20.000 tona landuko dituzte urtero, eta bertze 20.000 tona neurri handiko objektuen gunean.

Canopian kokatuko da Bil ta Garbiren egoitza, eta, horrez gain, xehetasunak nahi dituzten jendeentzako informazio lekua jarriko dute abian. Gaur egun, hondakindegiko lanen inguruko informazioa zabaltzen dute 1.500 etxetan. Auzoek batzorde bat osatu dute lanei kasu egiteko; bi hilabetean behin, haien bilkuretan parte hartzen du Bil ta Garbik.

«Ez dugu pentsatu behar egoitzak funtzionatzen hasiko direlarik arazoak bukatuko direla», erran du Iriartek. Izan ere, neurri berriak hartzen ez badira eta biztanleriak emendatzen segitzen badu, azken hamarkadan apaltzera eginagatik, hondakin kopuruak kontrako bidea har dezakeela ohartarazi du. Hori gerta ez dadin, iturburuan hondakin kopurua apaltzea lortu nahi dute.

Bost urteko epea dagoela jakinarazi du Iriartek. Etxeetan biltzen diren hondakinen parte handi bat industriaren eta banatzaileen politikaren ondorio dira. Arlo horretan eragin ahal izateko, Frantziak lege aldaketak egin beharko dituela onartu du Iriartek. Bil ta Garbik ez du biderik saltegi handien politikan eragiteko. Alta, ikusten ez diren arren, zenbait urrats egin dituzte: «Berinetan, adibidez, pisu gutxiago duten botilak ekoizten dituzte lantegi batzuek, eta aldaketa hori nabaritzen da biltzen dugun hondakin kopuruan». Azken hondakinekin zer egin; hori da Bil ta Garbiren buruhauste nagusia. Parte bat Senpereko hondakindegira eramanen dute, eta bertze parte bat Hazparneko Hazketa hondakindegira. Azken hori baliatzeko hitzarmena 2015ean bukatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.