Hezkuntza. Ikasturte hasiera. Laida Mujika. Kaskaroteneako gurasoa

«Iparraldeko ikastolen egoera erakutsi du Ziburukoak»

Kaskarotenea ikastolako eraikin berriarekin pozik dago Mujika guraso eta lehendakaria. Gatazka ahantzi eta egunerokora itzuli nahi luke: «Bigarren planora pasatu nahi dugu».

SYLVAIN SENCRISTO.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Iazko ikasturtearen hasiera gogor markatu zuen Ziburuko (Lapurdi) Kaskarotenea ikastolako gatazkak. Herriko etxeak Marinelako eskolatik kanporatu zuen ikastola, eta lur bat erostea erabaki zuten azkenean: bertan eraiki dute ikastola berria. Laida Mujika (1978, Ibarra, Gipuzkoa) Kaskaroteneako guraso eta lehendakariak balorazio «gazi-gozoa» egin du pasatutakoaz.

Asteartean zen berez eskola sartzea, baina ortzegunean hasi zarete azkenean. Zergatik?

Hesia, ura eta asfaltoa falta ziren; beraz, pentsatu genuen ostegunean irekitzea. Halere, asteazkenean hasi ziren haurrak, ateraldi batekin: hondartzara joan ziren. Bitartean azken konponketak egin genituen.

Azken mementokoak kenduta, zer moduz joan dira lanak?

Oso ongi. Sorpresa izan da ez dutela berantik hartu: epeak errespetatu dituzte, eta primeran! Abuztu hasieran hasi ziren lurra lantzen, prefabrikatua ere abuztuaren 9an ekarri zuten, eta pixkanaka muntatu dute dena. Gurasoak ere aritu gara aldaira egiten, gelak antolatzen, garbitzen... Joan den astean ez gara gelditu!

Emaitzarekin pozik, halere?

Bai, oso gustura gaude. Ez dut uste Ziburun leku hoberik atzematen ahal genukeenik, eta ikastola lehengoa baino hiru aldiz handiagoa da. Lehen, bagenituen hiru gela txiki, eta, orain, ikasgela batek hango bi gelen neurria du.

Zenbatentzako lekua dago?

Oraingoz, hamabost haurrekin hasi gara, beraz, espazioa izanen dute. Gutxienez ondoko bi urteetan lasai izanen gara. Gero ikusiko dugu, baina 45 ikaslerentzat aurreikusi dugu gehienez. Eta nire ustez, orain lekua ikusita, gurasoak etorriko dira, eta 45era ondoko urteetan iritsiko gara.

Kontent gara ja hasi ahal izateaz, zeren eta ez genuen nahi Marinelan hasi hilabete batentzat: izanen litzateke oraindik segitzea lehengo urteko dinamikan, eta gatazkan. Orain, aldiz, leku berrian, orria pasatua da.

Gatazka guziaren ondotik, zer moduz dago taldea?

Gurasoek lortu dugu —gatazkari esker, bertzeak bertze— talde sendo bat osatzea eta hala jarraitzen dugu. Oro har, uste dut ilusioa dugula denok hasteko: erran genienean haurrei asteartean ez zirela hasiko kristoren pena hartu zuten: «Uda guzia itxaroten eta bi egun gehiago?». Gogotsu eta pozik gaude, eta gauza txarrak ez ditugu gehiago aipatu nahi.

Herriko etxearekin zein harreman duzue orain?

Batez ere, Seaskarekin izan dira harremanetan obraren kontuentzat, baina gu ere bildu ginen uda aitzin herriko etxeko ordezkari batekin, frontoian taloak egiteko baimena eskatzeko. Orain arte, ez ziguten ezer uzten, eta, orain, solairu huste eta halakoentzat ere baimena emanen digute. Keinu bat da haien aldetik. Pasatu den guzia ezin da ahantzi, baina uste dut bien aldetik badela gogoa eta borondatea paso egin eta harremanak hobetzeko.

Nola finantzatu duzue eraikina?

Lurrak 300.000 euro balio zuen, eta ia dena elkartasunari esker ordaindu ahal izan da: norbanako, ikastola eta elkarteek emandako diruari esker. Eskerrak eman nahi dizkiegu, haiek gabe ez baikenuen ikastola berririk izanen. Eraikina Seaskak ordaindu du; beraz, beharbada, beste proiektu batzuk atzeratu behar izan dira...

Orain, dena pasatu dela, izanen duzue komunikabideetatik ihes egiteko gogoa...

Komunikabideek asko lagundu gaituzte elkartasuna lortzen, baina famaz nekatuak gaude: ez dugu gehiago izan nahi protagonista. Zaila izan da, zeren eta ikastola anitzek baitituzte arazoak. Guk ez dugu agertu nahi biktima gisa, nahi dugu ahantziak izan, eta bigarren maila batera pasatu. Orain, hiru ikastola berri badira, gainera. Gertatu zaigun guzia, azken finean, ez dugu nahi izan. Halere, pentsatzen dut honek guziak balio izan duela, batez ere Hegoaldeari begira, erakusteko zein egoeratan diren ikastolak Iparraldean, uste baitut anitzek ez zekitela. Beharbada, gure egoera larriena zen, baina balio izan du erakusteko Iparraldean ikastola gehienek badituztela arazoak.

Eta orain, zer eginen duzue?

Proiektu pedagogikoan ezarriko dugu arreta. Azken finean, guri interesatzen zaiguna da haurren egunerokotasuna ona izan dadila. Indarra eman ordez terreno bat bilatzen edo auzapezarekin, horretan eman nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.