Indarkeria matxista

Iparraldeko zenbait herritan protestak egin dituzte Angeluko emakumearen hilketa salatzeko

Elkarretaratzeak egin dituzte Baionan, Angelun, Hendaian, Kanbon, Hazparnen, Donibane Garazin eta Baigorrin.

Baionako protesta, gaur arratsaldean. MUGIMENDU FEMINISTA
2020ko maiatzaren 11
21:35
Entzun

Dozenaka lagun elkartu dira Ipar Euskal Herriko zazpi herritan, joan den astean Angelun (Lapurdi) gertatutako hilketa matxista salatzeko, Feminizidioak geldi! lelopean. Emakume bat tiroz hil zuten, eta haren senarrak bere buruaz beste egin zuen. Protestara batu dira Bagera, Emazteek diote, Les Bascos, M8 Asanblada, PAF, Planning Familial, Zutik eta Indarkeria Sexisten Aurkako Talde Feminista. Elkarretaratzeak egin dituzte 18:00etan.

Frantziako Poliziak ikerketa bat abiatua du zer gertatu zen argitzeko. Bourrier prokuradoreak jakinarazi zuenez, lehen ondorioen arabera, gizonezkoak hil zuen emaztea, eta gero suzko arma berarekin bere buruaz beste egin zuen. Uste dute 89 urteko gizonak berak hots egin ziela suhiltzaileei, bere buruaz beste egin aurretik.

Hori salatzeko elkartu dira herritarrak zazpi herritan: Baionan, Angelun, Hendaian (Lapurdi), Kanbon (Lapurdi), Hazparnen (Lapurdi), Donibane Garazin eta Baigorrin (Nafarroa Beherea).

Indarkeria matxistaren eraginez beste hiru emakume hil dituzte aurten. Martxoaren 11n, bikotekidea eta alaba hil zituen gizonezko batek Abanton (Bizkaia). Martxoaren 16an, berriz, Soraluzen (Gipuzkoa), Ertzaintzak hilik topatu zuen 73 urteko emakume bat bere etxean, buruan kolpe handia zuela. Haren 33 urteko semea atxilotu zuten ertzainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.