Klima larrialdia

IPCCren arabera, itsasoaren maila metro bat baino gehiago igo daiteke 2100erako

Ozeanoei buruzko txostena argitaratu du NBEren ikerketa taldeak; ohartarazi du milioika pertsonak lekualdatu behar izatea ekar dezakeela klima larrialdiak ozeanoetan duen inpaktuak.

Groenlandiako glaziar bat, urtzen. SEBASTIAN MERNILD, EFE
Maite Asensio Lozano.
2019ko irailaren 25a
15:59
Entzun

Gizakiaren esku hartzearen ondorioek ez dute atzera bueltarik. Berotegi efektua eragiten duten gas emisioek planeta berotu dute, eta atmosferan ez ezik, itsasoetan eta ozeanoetan ere eragiten du: urtzen ari dira poloak eta itsasoaren maila igo eta igo ari da. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak jakinarazi du 2100. urterako metro bat baino gehiago igo daitekeela itsas maila, tenperatura igoerak egungo joera mantentzen badu. Eta ohartarazi du horrek ekar dezakeela milioika pertsonak lekualdatu behar izatea.

Klima larrialdiak ozeanoetan eta kriosferan (izoztutako eremuan) duen inpaktuari buruz inoiz egindako txosten mardulena aurkeztu du gaur IPCCk Monacon. 7.000 argitalpen aztertu dituzte 36 herrialdetako 104 ikerlarik. “Ozeanoak urrutiko gauza izan daitezke jende askoretzat, baina guztiok gaude haien eraginpean: janaria lortzeko, ura, garraioa, komertzioa, osasuna, aisia...”, adierazi du Hoesung Lee IPCCren presidenteak, txostenaren aurkezpenean.

XX. mendean zehar itsasoaren maila 15 zentimetro inguru igo zen; IPCCk azaldu du igoeraren erritmoa "bikoiztu" egin dela, eta orain 3,6 milimetro inguru igotzen dela urtean. "Eta mendeetan zehar igotzen jarraituko du", dio txostenak. Halako azterlanetan ohikoa den bezala, agertoki bat baino gehiago marraztu dute ikerlariek datozen hamarkadetarako iragarpenak egiteko. Tenperaturek egungo joera mantenduz gero, hau da, industrializazio aurreko garaiarekin (XX. mende amaiera) alderatuta 2100ean bi gradu baino gehiagoko igoera gertatzen bada, itsasoaren maila metro bat baino gehiago igoko da, txostenaren arabera: 110 zentimetrotara iritsi daiteke. Tenperatura igoera bi gradutara mugatuta ere (gas isurpenak nabarmen murriztu beharko lirateke), 30 eta 60 zentimetro artean igoko litzateke itsas maila.

Gogoan hartzekoa da Parisko akordioek bi gradutan jarri zutela tenperatura igoeraren muga, eta iazko urrian IPCCk argitaratutako beste txosten batek hobetsi zuela igoera hori 1,5 gradutara mugatzea, klima aldaketaren ondorioak “nabarmen” arindu nahi badira. Ildo horretan mintzatu da gaur Hoesung Lee ere: klima krisiaren eraginetara “egokitzeko” neurriak eskatu dizkie estatuei.

Izan ere, IPCCren datuen arabera, munduan 680 milioi pertsona bizi dira kostaldeko garaiera baxuko guneetan, 670 milioi, goi mendietako guneetan, eta 65 milioi, irla txikietan. Itsasoaren maila igotzeak eta izotza urtzeak lekualdatze behartuak eragin ditzakeela berretsi dute adituek.

Ozeanoak ere, beroago

Txostenak azaldu du planeta berotzeak ozeanoetako tenperaturan ere eragin duela: urak epelagoak dira egun. Gainera, gizakien jardunak 1980ko hamarkadatik isuritako gasen laurden bat xurgatu dute ozeanoek, eta horrek ekarri du urak “azidotzea” eta haien “produktibitatea murriztea”. Horrek ondorioak ditu, batetik, ozeanoetako bioaniztasunean, eta bestetik, uraren kalitatean eta eskuragarritasunean, eta kalteak eragin ditzake hainbat jardun ekonomikotan: arrantza, nekazaritza, energia, turismoa... Kostaldeetan gertatzen diren muturreko fenomenoei dagokienez, IPCCk berretsi du "gero eta bortitzagoak" direla, eta ohartarazi du maizago gertatuko direla.

Baina poloetako izotza urtzea da itsasoaren maila igotzea eragiten duen faktore nagusietako bat. Artikoan jarri ohi dute arreta adituek: izotz geruza gero eta finagoa du. Tenperatura bi gradu baino gutxiago igota ere, poloetako zoruan izoztuta dagoen lur geruzak (permafrost izenekoa) azaleraren %25 gal dezake; agertoki ezkorragoetan %70era helduko litzateke galera hori.

Gainera, Europan, Afrika ekialdean, Andeetan edota Indonesian dauden glaziar txikiei ere erreparatu die txostenak: 2100erako haien masaren %80 gal dezaketela ohartarazi du.

Premiazko neurriak

Txostenaren egileek nabarmendu dute ozeanoetan eta kriosferan antzeman dituzten aldaketak “aurrekaririk gabeak” direla, eta “premiaz jarduteko” eskatu dute: “Aldaketei aurre egiteko neurri egokiak, handinahiak eta koordinatuak lehenetsi behar dira”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.