'Zure ziztada behar dugu'

Iragana eta oraina gero eske

'Zure ziztada behar dugu' ekimenaren bigarren fasea abiatu du BERRIA Taldeak; sarea herriz herri zabaltzea izango du xedeEgitasmoari babesa agertu diote BERRIAko langileek eta 'Egunkaria'-n lan egindakoek

Euskaldunon Egunkaria-ko langile izandakoak eta BERRIAko langile eta langile ohiak, atzo Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin zuten batzarreko une batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Jon Olano - Lara Madinabeitia
Andoain
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko langile eta langile ohi ugarik atxikimendua adierazi diote BERRIA laguna ekimenari. Etorkizunean ere euskarazko kazeta izateko eta erronka berriei aurre egin ahal izateko dirua biltzen ari da BERRIA Taldea, eta egunkaria egin zutenen eta egiten dutenen babesa jaso zuen atzo. Kanpaina herriz herri eta sektorez sektore hedatzea da asmoa, proiektuari eusten lagunduko dioten herritar sare zabala osatzeko. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest dauden 5.000 pertsona topatzea da helburua, baina norberaren ahalmenaren araberako diru laguntzak dira orain arte eginikoak.

Ehun langile eta langile ohi inguru elkartu ziren atzo BERRIAren eta Euskaldunon Egunkaria zenaren egoitzan, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) eginiko batzar batean. Bertan izan ziren egun hezkuntzan lanean diharduten baina BERRIAn edo Egunkaria-n aritu ziren Lorea Agirre, Andres Gostin eta Beatriz Zabalondo, esaterako. Egunkariako kontseilari ordezkari izandako Iñaki Uria ere bertaratu zen, beste askoren artean. Ondoren argazkia atera zuten atzoko eta gaurko beharginek, Zure ziztada behar dugu kanpainaren ikurrekin.

Taldearen egoera ekonomiko zailaren gainean jardun zuen Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak, eta, besteak beste, erakunde publikoek komunikazio taldeari emandako babesa gero eta urriagoa dela gogorarazi zuen —Eusko Jaurlaritzak %11 murriztu ditu euskarazko hedabideentzako diru laguntzak—. Larrartek azaldu zuenez, behera egin dute papereko edizioaren diru sarrerek —iragarkiek bereziki—, eta sareak apenas sortzen duen irabazi ekonomikorik. Egoera iraultzeko hainbat ekimen abiarazi ditu taldeak urteotan —Irrien Lagunak eta Nora aldizkariak, herrialdeetako Hitza-k, Bidera mezularitza zerbitzua merkaturatzea, Berriketan.info sare soziala—, baina horiek ez dira nahikoa izan egoera hobetzeko. Gauzak horrela, taldeari diruz laguntzeko prest daudenen beharra nabarmendu zuen Larrartek: «Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAren diru sarrerak».

Langileei aritu zitzaien Larrarte, horiei ere eragin dielako enpresaren ibilbide ekonomikoak. Lanpostuei eutsi ahal izateko, neurri «murriztaile» batzuk hartu dira; 2008. urteaz geroztik soldatak izoztea, esaterako. 270 pertsona ari dira beharrean BERRIA Taldean, eta beste 110, taldea partaide den hemezortzi enpresetan; orotara, 380.

Sektorez sektore

Jose Anjel Aldai kanpainako arduradunak eman zituen ekimenaren xehetasunak. Egitasmoaren bigarren fasea abiatuko dute orain; atzoko bilera izan zen abiapuntua. Kirol eta kultur arloko hainbat eragilek dagoeneko babesa adierazi diote ekimenari, eta gainontzeko sektoreetan ere atxikimenduak bilatzen jarraituko du BERRIA Taldeak. Ekainera bitartean ezinbestekoa izango da herriz herriko lana, eta ahalegin horretan arituko da taldea; Gipuzkoako Goierriko eta Urola Kostako eskualdeetan jada egin dituzte bilerak kanpaina hedatzen lagundu nahi dutenei informazioa emateko. Bilera horiei segida emango diete beste eskualde batzuetan ere. BERRIA Taldearen esanetan, «laguntza txikiena ere handia da, denon ekarria behar dugu». Enpresetako ateak ere joko ditu taldeak, ekarpen eske.

Kanpaina iazko azaroan hasi zen. Beste izaera bat hartuko du, ordea, aurtengo udazkenetik aurrera, Larrarteren arabera. Izan ere, hamar urte beteko ditu BERRIA egunkariak 2013. urtean. 2003ko ekainean argitaratu zen aurreneko alea, Espainiako Poliziak Euskaldunon Egunkaria itxi eta lau hilabetera. Orduan ere euskara hutsezko kazetaritzak ez zuen etenik izan, Egunkaria itxi eta hurrengo egunean Egunero kazeta argitaratu baitzuten langileek. Orduko zailtasunak gogoan ditu komunikazio taldeak: «2003an 24.000 lagunek egin zuten diru ekarpenak bidea eman zuen BERRIA Taldea eta BERRIA egunkaria sortzeko. Aurrera begira ere herritarren sostengua behar dugu, orain artekoari eusteko eta proiektu berriak garatu ahal izateko».

CIESen azken datuen arabera, batez beste 19.000 bisita izaten dira egunean Berria.info webgunean, eta 63.000 inguru dira BERRIA egunero erosten dutenak. Doakoa izanik, egunkaria sarean irakurtzen dutenentzat da, batez ere, ekimena. Teknologia berrietara egokitzea da, gaur-gaurkoz, hedabideen erronka nagusia, eta apustu hori irmotasunez egitea ahalbidetuko diote herritarren ziztadek euskarazko komunikazio taldeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.