«Iraganeko mamuak xaxatzea» da gerra zikinaz aritzea, Lopezen ustez

Felipe Gonzalezen adierazpenetan delitu zantzurik ikusten badu, salaketa jartzeko esan dio lehendakariak Joseba Egibarri

edurne begiristain
Gasteiz
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gerra zikinaren inguruan galdetzea «iraganeko mamuak xaxatzea» da, Patxi Lopez lehendakariaren aburuz. Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak azaroaren 7an El Pais egunkarian egindako adierazpenen inguruko iritziaz galdetu zion Joseba Egibar jeltzaleak atzo lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, baina Lopezek ez zituen Gonzalezen hitzak gaitzetsi nahi izan. Ordea, EAJri eskatu zion ez dezala bilatu etekin politikorik «epaituak eta zigortuak» dauden ekintzetatik,eta «terrorismoaren» amaiera irits dadinmehatxatuta dauden eta bizkartzainak daramatzaten politikariekin batera elkar hartuta lan egiteko galdegin zion. «Iraganeko mamuak aztoratzen» ibiltzeari uzteko eta zuzenbide estatuaren alde lan egiteko eskatu zion Lopezek buruzagi jeltzaleari.

Bere agintaldian ETAko kideak bonbaz hiltzeko plana mahai gainean izan zuela onartu zuen Gonzalezek aipatutako elkarrizketan. Era berean, aitortu zuen GALek bahitutako Segundo Marey aske uzteko agindua eman zuela Jose Barrionuevo orduko Barne ministroak. Gonzalezen adierazpenek gerra zikinaren hautsak harrotu dituzte, eta EAJk horien inguruko balorazioa egiteko eskatu zion atzo lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko gobernuaren kontrolerako saioan. Egibarren ustez, Gonzalezen adierazpenek GAL auzian «X jauna» nor zer argitzen dute, eta «ekuazio horren» emaitza da Gonzalez bera izan zela. Haren irudiko, agerian geratu da PSOEko buru ohiaren agindupean «estatu terrorismoa» praktikatu egin zela, Gonzalezek une jakin batean «terrorista ez izatea» erabaki bazuen ere. Nolanahi ere,1983tik 1987ra GALek hildako 27 pertsonen azken erantzukizuna Felipe Gonzalezena izan zela azpimarratu zuen Egibarrek.

Gerra zikinaren itzalpean urteetan gobernu sozialistak «inpunitate osoz» aritu direla salatu zuen EAJko legebiltzarkideak. Eta, hain justu ere, gerra zikinaren eta «estatuaren estoldetan» hartutako erabaki horiei buruzko iritzia emateko eskatu zion Egibarrek lehendakariari.

Erantzutea saihestu zuen lehendakariak hitza hartu zuenean, eta Egibarri esan zion Gonzalezen adierazpenetan delitu zantzurik ikusiz gero auzitegietara jo eta salaketa jarri beharko lukeela. «Gainerakoa zikintzea da», gaineratu zuen. Areago, alderdi sozialista auzi horretan ezin dela susmopean jarri azpimarratu zuen, sozialistek «Euskadi, demokrazia, askatasuna eta zuzenbide estatua defendatzeagatik kide gehiegi» galdu dituztelako bidean.

Eusko Jaurlaritza eta PSE-EE edozein «talde terroristaren» indarkeriaren aurka dagoela argitu zuen Lopezek, dela GALena, dela Triple A-rena edo dela Batallon Vasco Españolena. Baina Gonzalezek elkarrizketan aipatu zituen ekintzak jada epaituak izan zirela, zigorrak jarri eta ardurak argitu zirela, eta Jaurlaritzak epaia «errespetatu» egiten duela adierazi zuen. Haren esanetan, Jaurlaritzak argi dauka «terrorismoa» legediarekin eta «demokraziarekin» borrokatu behar duela,zirrikiturik gabe.

«Egia osoa»

Gonzalezek gerra zikinaren inguruko «informazio asko» duela uste du Egibarrek, eta hainbat datu El Pais egunkariko elkarrizketan ezagutarazi baditu ere, ez duela dena esan. Haren aburuz,gerra zikinaren «egia» argitu gabe dago oraindik, eta Jaurlaritzak ere urratsa egin beharko luke egia hori behingoz argitu dadin. Lehendakariak berak Memoriaren Egunean egindako adierazpenak gogora ekarri zituen Egibarrek: orduan lehendakariak adierazi zuen «historiak eta zuzenbideak behin betiko itxi dituen espedienteak irekitzean datzala oroitzapenaren indarra».

GALen heriotza guztiak ez daudela argituak kontuan hartuta,gerra zikinaren «egia osoa» argitzeko ekimen politikorik edo auzibiderik irekiko ote duen galdetu zion Egibarrek Lopezi. Gainera, buruzagi jeltzaleak salatu zuen ekintza horiek baino gutxiagogatik «jendea kartzelan, enpresak itxita eta alderdiak legez kanpo» daudela. Galderari ez zion erantzun Lopezek, eta, nahi izanez gero, epaitegian salaketa jartzeko esan zion, atzera, Egibarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.