Iragarritako irakasle murrizketa onartu du Akademiak

Pauen egindako bitariko batzordean Akademiako ikuskariak ez du onartu eskola karta aldatzeko sindikatuek egin eskaria

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Philippe Couteraud Paueko Akademiako ikuskariak joan den udaberrian egindako aurreikuspena ontzat hartu eta iragarritako irakasle postuen murrizketa burutu du eskola kartari begira. Atzo bildu zen Pauen batzorde parekidea, baina Akademiako ikuskariak Frantziako Gobernuak iragarritako murrizketa atxiki zuen.

Honako hauek izan dira azken aldaketak: Beskoitzeko Ikas Biden lanpostu erdi bat kenduko dute; Miarritzen bi lanpostu erdi kenduko dituzte, horietariko bat eredu elebidunean eta euskarazkoa; irekitako gune elebiduna bertan behera gelditu da; Azkainen ere euskarazko lanpostu erdia murriztu du Akademiako ikuskariak lehen mailan; Bidarten ere euskarazko lanpostu erdia kendu du; eta, azkenik, beste erdi bat kendu du Ziburun.

Bertzalde, lanpostu oso bat eman die Basusarriko eskolari eta Baionako zezen plazako eskolari, lehen mailan. Baionako Ferry ama eskolari ere lanpostu erdia eman dio. Lehen mailari kendutako postu erdia eman dio Bidarteko ama eskola elebidunari. Azkenik, lanpostu erdia eman dio Hendaiako Lizardi eskolari.

Ikas Bi haserre

EEP Euskararen Erakunde Publikoa sortu zenetik eskola sartzerik txarrena izan dela adierazi du Ikas Bi eskola publikoko eredu elebiduneko gurasoen elkarteak. Ikas Bik azpimarratu du aurten eskola elebidun bakarra sortu dela, Bankan (Nafarroa Beherea). EEPk eredu elebiduna zabaltzeko dinamika bertan behera gelditu dela dio Ikas Bik.

Baina oroz gain gertakari larriago bat nagusitu dela dio elkarteak: «Hainbat herritan gurasoen artean egin diren euskararen irakaskuntza sustatzeko inkestek ez dute deus eman, edo bertan behera gelditu dira». Gela elebidunak irekitzeko xedea bertan behera gelditu bada irakasleek jarri dituzten trabengatik gertatu dela salatu du Ikas Bik. Baina, horrekin batera, Akademia Ikuskaritzak hartu duen jarrera deitoratu du. Guraso elkartearen iritziz, Akademiak xantaia eginez jokatu du. Euskarazko lanpostuak emateko, frantsesezko lanpostuak kentzeko eskatu du, irakasleen haserrea eraginez.

Akademia Ikuskaritzaren presio molde hori Baiona, Angelu eta Miarritzeko eskoletan gertatu dela jakinarazi du Ikas Bik.

Irakasle elebidunei emandako tratua ere salatu du gurasoen elkarteak. Unibertsitatetik ateratako hiru irakasle elebidun Biarnora igorri dituztela jakinarazi du. Jarrera horien gibelean eredu elebidun publikoa deuseztatzeko gutizia ote dagoen galdetu du Ikas Bik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.