Bilboko auzokide batek Abusu auzoan duen etxebizitza eta beste batek Zazpikaleetan daukana enkantean atera dituzte gaur; kasu batean, Popular bankuak abiarazi du desjabetzeko prozesua, eta Santander bankuak bestean. Ez dira kasu bakarrak izan: PAH Sendia elkarteak salatu duenez, iraila "dramatikoa" izan da gai horri dagokionez, eta hainbat desjabetze, enkante eta epaiketa gertatu dira.
Epaileen eta justizia administrazioaren aldetik jarrera aldaketa sumatu dute elkartean. "Presio mediatikoa" jaisteari egotzi diote aldaketa hori: "Garai batean, askoz errazagoa zen desjabetze prozesuak geldiaraztea; orain ia ezinezkoa da", salatu dute.
Kasu askotan "indefentsioa" gertatzen ari dela gaineratu dute. Gaur egitekoa zen enkanteetako batean, esaterako, jabearen defentsa bere gain hartu behar zuen prokuradorea ez da agertu, legeak horretara behartzen badu ere. "Gu agertu izan ez bagina, bakar-bakarrik egongo zen bankuaren prokuradorearen aurrean", salatu dute. Euren ustez, doako justiziaren sistemak ez du funtzionatzen, eta "erabateko indefentsioan" uzten ditu horrelako prozesuei aurre egin behar dieten herritarrak.