Asko falta da oraindik Donostiako metroko lanak behin betiko amaitzeko, baina apurka-apurka badoaz aurrera. Gaur iragarri dutenez, irailaren 12rako abian izango da Herrera eta Altza arteko zatia. Lanak ikusten izan dira gaur Eneko Goia Donostiako alkatea eta ETS Eusko Trenbide Sareko buru Jose Luis Sabas. Goiak nabarmendu du behin amaituta Herrera eta Altza arteko metroak "milaka pertsonaren mugikortasuna hobetuko" duela.
Herrera eta Altza lotzen dituen trenbide zatia 1.040 metro luze da, eta bi sarrera ditu, Larratxoko anbulatorioaren aldamenean bata eta Santa Barbaran bestea. 46,3 milioi euroko gastua izan dute lanek.
Goiaren iritziz, "beharrezko azpiegitura" da Donostiako metroa, "oinarrizkoa" kanpoaldeko auzoak erdigunearekin elkartzeko. Herritar asko agertu dira, ordea, lan horien aurka. Metroaren aurkako Sator Alaia plataformak, esaterako, 9.000 sinadura bildu ditu galdeketa eskatzeko.