Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak aurkeztu du kongresuaren bosgarren aldia, Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun Pedro Miguel Etxenikerekin eta Donostia International Physics Centerreko zuzendari Ricardo Diez Muiñorekin. Donostiako kultur hiriburutzaren egitarauan txertatu dute aurten kongresua, eta irailaren 27tik urriaren 1era egingo dute.
Bost Nobel saridun izango dira kongresuan: tartean, 2013ko Fisikako Nobel saridun François Englert, Higgs-Englert bosoiaren aurkitzaileetako bat. Beste laurak, berriz, Martin Karplus 2013ko kimikako sariduna, Claude Cohen-Tannoudji 1997ko fisikako sariduna, Dudley Herschbach 1986ko kimikako sariduna eta Klaus von Klitzing 1985eko fisikako sariduna dira.
Konferentzietako batzuk Bilbon eta Bordelen egingo dituzte, eta, besteak beste, astrofisika, ingeniaritza, fisika kuantikoa, neurozientzia eta biomedikuntza izango dituzte hizpide.