Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) irailaren 5ean abiatuko du Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiaren bigarren atala eraikitzeko prozesua. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak gaur goizean eman du erakundearen asmoen berri, Donostian, foru aldundiaren egoitzan. Azaldu duenez, errauste planta osoa 2019ko maiatzerako eginda egotea da helburua.
Azpiegituraren lehen atala adjudikatuta eta eraikitzen hasita dago jada. Bi eraikinek osatzen dute: hondakinei tratamendu mekaniko-biologikoa emateko planta batek eta "balorizazio energetikoko" beste batek. Ekondakin enpresa taldea ari da hura eraikitzen, eta maiatzean hasi zen Arzabaletako (Zubieta) zabalgunean lurrak mugitzen. Erraustegiaren bigarren atala handik hirurehun metrora dagoen 32.000 metro koadroko lursailean egingo dute. Hark beste bi eraikin izango ditu: biometanizazio planta bat eta zepak tratatzeko beste bat. Lehenbizikoak 40.000 tonako edukiera izango du, eta bertan jatorri biologikoko hondakinek "hasierako tratamendua" jasoko dute. Haietatik biogasa eta digestoa —"kalitate eskaseko konpost moduko bat", Asensioren hitzetan— aterako dituzte. Bigarren plantak 52.000 tona jaso ahalko ditu, eta zepak —aurreko fasetik heldutako hondakin hezeak, sartutako gaien %24 inguru— tratatzeko balio du. Lehenbizi, metalak erauziko dituzte zepetatik, eta gainerakoa, txikituta, eraikuntza publikorako material bihurtu asmo dute, errepideetako asfaltoan edo hormigoi blokeetan erabiltzeko. Urtero, gai horren 31.000 tona aterako dituzte. Prozedurak utzitako errautsak plantara sartutako hondakinen %3 inguru izango direla azaldu du Asensiok; 52.000 tonatik, 1.560 tona litzateke hori. "Kudeatzaile bat beharko da kopuru horri tratamendua emateko".
Foru diputatuaren ustez, azpiegitura horiek "Gipuzkoaren beharrak datorren hamarkadarako" aseko dituzte, baina zabalik utzi dute biometanizazio plantaren edukia zabaltzeko aukera. Datorren urteko maiatzean hasiko lirateke erraustegiaren bigarren atala eraikitzen, eta urtebeteren buruan amaituko dute. Hasierako inbertsioa 37,4 milioi eurokoa izango da, eta hurrengo hogei urteetako mantentzea 130 milioi kostatuko da. Oraindik argitzeko dago nork jasoko duen bigarren atal hori eraikitzeko eta kudeatzeko agindua, baina litekeena da hura ere Ekondakinek jasotzea. Erraustegiaren lehen zatiak beste 987 milioi euro inguruko aurrekontua du: 217 milioi euro eraikuntzan, eta 770 milioi, 35 urteko mantentzean.
2018an, Batzar Nagusietara
Errauste planta eraikitzeko asmoek asaldura handia eragin dute azken urteotan Gipuzkoan eta, bereziki, Zubieta inguruko eskualdeetan. Hainbat herri mugimenduk auzitara eraman dute foru aldundia, eta prozesu parte hartzailerik gabe erabaki larriak hartzea leporatu diote. Asensiok ez du kezkarik agertu horregatik: "Egia da hainbat helegite jarri dizkiotela prozesuari, baina orain arteko epai guztiek azpiegituraren legezko egoera azpimarratzen dute". Parte hartze prozesua "2008an" egin zela nabarmendu du, Batzar Nagusiek hondakinei buruzko foru legea onartu zutenean. Datorren urte amaieran onartuko dute 2030era arteko hiri hondakinak kudeatzeko plan orokor berria: "Orduan egongo da parte hartzeko beste aukera bat, plana Batzar Nagusietatik igarotzen denean". Ordurako, baina, zutik egongo dira errauste plantaren oinarrizko zutabeak.