Paueko auzitegiak irailaren 11ra arte atzeratu du Iñaki Imaz Munduate donostiarraren aurkako euroaginduaren azterketa. Atzo goiz bukaeran atxilotu zuen Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi), Espainiako Poliziarekin elkarlanean. Arratsaldea Baionako polizia etxean pasa ondotik, Paueko auzitegira eraman zuten, Espainiaratze eskaera notifikatzeko. Bertan epailearen aitzinetik pasa, eta kontrol judizial pean aske uztea erabaki zuten.
Kalean izan arren, aste guztiz bi aldiz aurkeztu beharko da polizia etxera donostiarra. Euroagindua Espainiako Auzitegi Nazionalak eman du ETAri laguntzeko delitu batengatik, Barne Ministerioak jakinarazi duenez. "ETAren alde politikoan" egotea eta Zutabe agerkiaz arduratzea egotzi dio Espainiako Barne Ministerioak, prentsa ohar baten bidez.
Atxiloketa atzo gertatu zen, 11:45 aldera, Hendaiako Sopite bidexkan. Emaztearekin eta haurrarekin zihoan autoz, eta Poliziak atzeman zuen. Hiru autok bidea blokeatu, eta pistola bururantz kokatuz atera zuten kotxetik. Imaz Munduatek bizitza erabat publikoa darama Lapurdin.