Jose Iribas Hezkuntza sailburuak berak aitortu zuen zailtasunak izango zituztela lanbide heziketa klase berri hori eskaintzen hasteko, oso denbora urria zutelako prestatzeko. Baina moldatu dira Espainiako Gobernuaren esana betetzeko, eta aukeran izango da datorren ikasturtetik aurrera. Era horretan, ikasleek ikasketak garaia baino lehen uztea eragotziko dela diote LOMCEren aldekoek.
Hezkuntza erreforma osoa nola, eskaintza berri hori ere aski kritikatua izan da, eta auzitan jarri dute hainbat autonomia erkidegok. Derrigorrezko hezkuntzaren barruan horrelako eskaintza berezitu bat jartzea kritikatu dute askok. Ohartarazi dute, gainera, astirik ez dutela datorren urtean ikasketa berri horiek taxuz eskaintzen hasteko. Erkidegoetako agintari kritiko horien artean daude Eusko Jaurlaritzakoak; irailean lanbide heziketa berriaren bitarteko eredu bat eskaintzen hasteko asmoa dute.