Euskal presoak

Irailera arte atzeratu dute Jakes Esnal askatzearen inguruko ebazpena

Baldintzapean askatu behar zuten, baina fiskaltzak jarritako helegitea aztertu dute gaur, eta erabakia irailaren 24an emango dute.

Jakes Esnal, Xistor Aranburu eta Ion eta Unai Parot aska ditzaten eskatzeko mobilizazio bat, Angelun, iazko apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 26a
09:30
Entzun

Hiru orduz aztertu du Parisen zigorren aplikazioen inguruko epaitegiak Jakes Esnalen abokatuek presoa behin-behinean askatzeko eginiko bigarren eskaera. Izan ere, auzitegiak onartu egin zuen presoa askatzea martxoaren 13an. Baina fiskaltzak helegitea jarri zuen. Azkenean, erabakia irailaren 24an ematea ebatzi du auzitegiak. Bitartean, espetxean jarraituko du Esnalek.

Esnalen abokatuek saioan egoteko aukera eduki dute, lehen aldiz, eta, nabarmendu dutenez, fiskaltzak oso gogor jo du presoa askatzeko erabakiaren kontra, eta erabakia horrenbeste atzeratzearekin kezkatuta daudela adierazi dute.

Izan ere, Esnalek 70 urte ditu, eta 30 urte baino gehiago eduki dute preso dagoeneko. Denborak haren kontra jokatzen du; gainera, askatzea erabakitzeko erabakiaren eragina duten arrazoietako bat presoak lanpostu bat edukitzea da, eta adin horrekin oso zaila da.

Donibane Lohizunekoa da Esnal (Lapurdi), eta 1990eko apirilean atxilotu zuten, ETAko kide izatea egotzita, Ion Kepa Parot eta Xistor Aranbururekin, Espainiako Poliziak Unai Parot atxilotu ondoren. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, baina 18 urteren buruan berriz aztertzekoa. Behin-behinean askatzeko lehen eskaera 2014. urtean aurkeztu zuten haren abokatuek, eta, bi urte geroago, baztertzea erabaki zuen auzitegiak.

Presoa askatzeko mobilizaziora deitu dute Bakegileek, larunbaterako, haren jaioterrian. Giza kate bat egingo dute Zibururaino (Lapurdi).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.