POLITIKA

Irainak Ainhoa Aznarezen aurka Francisco Casanovaren aldeko omenaldian

Hamabost urte dira ETAk Espainiako armadako azpitenientea hil zuenetik. Omenaldian izan zen Nafarroako Parlamentuko presidentea, eta irainka eta mehatxuka hasi zitzaion talde bat.

Francisco Casanovaren aldeko omenaldia, Berriozarren. VILLAR LOPEZ / EFE
2015eko abuztuaren 10a
08:23
Entzun

Berriozarren omendu zuten igandean Francisco Casanova Espainiako armadako lurreko azpitenientea zena, ETAk hil zuela hamabost urte bete direla-eta. Omenaldian izan ziren, besteak beste, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohia, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Maria Txibite PSNko idazkari nagusia eta Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan.

Aznarezek omenalditik joan behar izan zuen, bertaratutako hainbaten aldetik irainak eta mehatxuak jasan ondoren. Eldiario.es-ek Nafarroako Parlamentuko presidentetzaren iturriak aipatuz adierazi duenez, ez zen lehen aldia Aznarez Casanovaren omenaldira zihoana, eta espero dute gertakari "bakana" izatea. Dozenaka babes mezu jaso zituen Aznarezek sare sozialetan.

Bestalde, UPNk foru gobernua kritikatu du ohar batean, omenaldira ordezkaririk bidali ez zuela-eta. UPNren iritziz, horrek "keinuen politika ezberdina" uzten du agerian. Oharrean, UPNk ez die erreferentziarik egin Aznarezen aurkako irain eta mehatxuei.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak argitu du gobernua ez zutela ekitaldira gonbidatu, eta horrekiko "errespetuagatik" ez zela gobernuko ordezkaririk izan bertan. Biktimekiko "babes eta errespetuzko" jarrera du gobernuak, Barkosen esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.