Hezkuntza

«Irakaskuntza berdearen» aldeko deia egin dute Iruñean

D ereduan izena emateko eskatu diete gurasoei hainbat eragilek; kanpaina otsailaren 6an hasiko da

edurne elizondo
Iruñea
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Lotu irakaskuntza berdeari. Mezu horrekin batera agertu dira jendaurrean Nafarroan euskarazko irakaskuntzaren esparruko hainbat eragile, aurrematrikulazio kanpainaren harira, D ereduaren alde egiteko. Haien seme-alabak euskaraz matrikulatzeko eskatu diete gurasoei Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE), Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkarteko (NIZE), Sortzen Ikasbatuaz-eko, Topaguneko, Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteko (NETLE) eta Euskara Kultur Elkargoko (EKE) arduradunek.

«Ingurumenaz arduratzea baino gehiago da ekologia». Horixe erran du Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteko (NETLE) kide Koldo Colomok. «Hizkuntz eta kultur aniztasuna zaintzea ere bada ekologia», gaineratu du. Horregatik, irakaskuntza berdetzat jo dute D eredua haren aldeko manifestu bateratua plazaratu duten elkarteok. Hala, irakaskuntza berde horri lotzeko eskatu diete Nafarroako gurasoei. Aurrematrikulazio kanpaina datorren otsailaren 6tik 13ra bitarte eginen dute herrialde horretan.

Gaur egun, ikasleen herenak daude D ereduan Nafarroan. Sare publikoan, Haur eta Lehen Hezkuntza kontuan hartuta, 8.000 ikasle badira euskaraz ikasten. 800 irakasle ari dira lanean sare publikoko zentro horietan. Nafarroako ikastoletan, berriz, 6.300 ikasle daude, denera. Iaz, hezkuntza sisteman hasi ziren hiru urteko 6.000 haur ingurutik 2.000k eman zuten izena D ereduan. Datuek, hala ere, ez dute errealitate osoa islatzen, irakaskuntza berdearen aldeko manifestua plazaratu duten elkarteetako kideen ustez. «Eremu ez-euskaldunean sare publikoan D ereduan aritzeko aukera egonen balitz, adibidez, kopurua handiagoa izanen litzateke», erran du Sortzen Ikasbatuaz-eko Nestor Salaberriak. Nafarroako Gobernuak plazaratzen dituen datuek ere anitzetan euskaraz ikasten duten ikasle guztiak ez dituztela kontuan hartzen azaldu dute.

Ikasleen herenek D ereduaren alde egiten dutela berretsi dute, hala ere. Manifestua sinatu duten taldeotako ordezkarientzat, eredu horrek eskaintzen dituen abantailak agerikoak dira: «Gure seme-alabek modu natural eta positibo batez bizi behar dute eleaniztasuna. Eta horixe da, hain zuzen ere, gure apustua: euskararekin hasi, hemen euskaraz bizi ahal eta behar delako, eta hemendik beste kolore bat gehiago eman mundua iraunkorragoa, bidezkoagoa eta ekologikoagoa egiteko», erran du agerraldian Colomok.

Euskarazko irakaskuntzak hasieratik bertze hizkuntzak ikasteko aukera eskaini duela azpimarratu du. Are gehiago, aukera hori txertatu duela D ereduan. Ingelesaren aldeko apustuan aitzindari izan direla erran du, eta euskarazko irakaskuntzak bertze hainbat hizkuntzari ere so egiten diola gaineratu du. «Euskarazko ereduetan ingelesa txertatuta dago; baina ez dugu ahaztu behar Ameriketako Estatu Batuetan txinera ikasten ari direla, adibidez; ez dugu ahaztu behar, halaber, Alemania eta Frantzia direla Europako ekonomiaren motore eta Japonia dela munduko hirugarren potentzia, ekonomiaren ikuspuntutik».

Hizkuntzekin estuki lotutako esparrutik at bertzelakoetan ere D ereduak zer eskaini baduela nabarmendu dute euskarazko irakaskuntzaren aldeko elkarteek adostutako manifestuan. «Euskaraz ikastea hizkuntza bat ikastea baino gehiago baita; munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean jarrera positiboa eta errespetuzkoa bultzatzen du», erran du Colomok. Gehiago azaldu du: «Hizkuntzak zaintzea lagungarria da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkarrizketa eta bakea ahalbidetzeko».

Guraso elkarteak, dirurik gabe

Sortzen Ikasbatuaz elkarteak salatu du Nafarroako Gobernuak diru laguntzarik gabe utzi dituela herrialde horretako ikastetxeetako guraso elkarte guztiak. Zehazki, 2011. urtean antolatutako ekitaldiengatik diru laguntzak jasotzeko aukera gabe utzi ditu elkarteok Hezkuntza Departamentuak. Hori azalduz, gutuna jaso dute ikastetxe guztietan, hil honen hasieran.

2011. urteko aurrekontuetan guraso elkarteentzako diru saila jasota zegoen, baina ordainketa bertan behera uztea erabaki du orain Nafarroako Gobernuak. «Elkarteok, ordea, gastua egina dute jada; administrazioak egin beharko lituzkeen ekitaldiak prestatzeko erabiltzen dituzte laguntzak, eta, gainera, laguntza horiek gabe utzi dituzte», salatu du Sortzen Ikasbatuaz-eko Salaberriak.

Sortzen Ikasbatuaz taldeko kide dira guraso elkarte horietako 50etik goiti, eta, jendaurrean azaldu dutenez, auzitara joko dute «Nafarroako Gobernuak agindutako diru laguntzak» jaso ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.