Hezkuntza

Irakasle kopurua %20 handitzea proposatu du EH Bilduk

Hurrengo ikasturtea «berme guztiekin eta kalitate onarekin» egiteko hartu beharreko neurriak proposatu ditu Maddalen Iriartek.

Maddalen Iriarte, Santutxuko Karmelo ikastetxean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2020ko maiatzaren 26a
15:52
Entzun

Datorren ikasturteari begira zenbait proposamen plazaratu ditu EH Bilduk. Maddalen Iriarte lehendakarigaiak agerraldi bat egin du Bilboko Santutxu auzoan, eta, bertan, adierazi du 2020-2021eko ikasturtean ikastetxeetako funtzionamendua ez dela «bera» izango eta zenbait elementu «egokitu» beharko direla.

Hala, irakasleen kopurua %20 handitzea proposatu du; xedea da ikasgela bakoitzeko ratioa hamabost ikaslekoa izatea gehienez: euskal hezkuntza sistema Europa iparraldeko herrialdeen ratioetara iritsiko litzateke horrela, Iriarteren hitzetan.

Horrez gain, indar subiranistak nahi du 3.000 kit eskuratzea ikasleei Interneterako sarbidea bermatzeko, eta bekak %50 handitzea. Curriculumean aldaketak egin beharko direla iritzita, «batera hausnarketa bat» egitera deitu du. Era berean, «jantokiak bezalako oinarrizko zerbitzua egoki eskaintzeko, udalekin elkarlanean aritzeko» eskatu du «azpiegitura handiak eskura izateko».

Iriartek nabarmendu du «hezkuntza komunitateak, eskolek, irakasleek, gurasoek, eskolek sekulako ahalegina» egin dutela «pandemiak sortutako egoerari buelta emateko eta hezkuntza bermatua egon zedin egoera zail hauetan», baina uste du konfinamenduan «argi» geratu dela hezkuntza sistemak «baliabide gehiago» behar dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.