2008tik 2011ra bitartean Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxean irakasle ohi batek ikasle bati sexu abusuak egin zizkion epaitzen ibili dira urriaren 4tik gaur arte Bizkaiko Probintzi Auzitegian. Goizeko saioan, azken ondorioak aurkeztu dituzte fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsako abokatuak. Fiskalak esan du "argi" geratu dela ustezko erasoak egon zirela, baina iruditzen zaio ezin izan direla frogatu gazteak kontatutako erasorik larrienak. Lehen eguneko deklarazioan esan zuenez, behin, akusatuak masturbatzera behartu zuen, eta, beste behin, boligrafoa izan zitekeen zerbait sartu zion uzkitik. Beraz, zigor kodean sexu abusuengatik jasotzen den zigorrik arinena eskatu du fiskalak. Baina bi eskaera egin ditu. Epaiketa hasi zen egunean egindako hiru urteko eskaerari eutsi dio. Hori da erasoak gertatu zirenean Espainian indarrean zegoen zigor kodean jasotzen den espetxealdia. Hogei hilabeteko eskaera ere egin du, gaur egun indarrean dagoen zigor kodetik hartuta. Epaileak erabaki beharko du bietako zeinen arabera epaituko duten, baina normalean zigortuarentzat onuragarriena dena hautatzen dute. Hogei hilabeteko zigorrarekin, ez luke espetxera joan beharko.
Gaztearen sendiaren abokatuak ere zigor eskaerari eutsi dio: hamar urte eskatu zituen, sexu abusu jarraituengatik; larrigarri gisa, biktima adingabea zela eta nagusitasuna aipatu zituen. Uste du "erabat" frogatu direla erasoak, eta azken egunetan perituek egindako adierazpenak erabili ditu hori argudiatzeko. Defentsak, ostera, absoluzioaren alde egin du.