Iraken okupazioa

Iraken bahituta zituzten Hego Koreako zazpi herritarrak aske utzi dituzte

Jordaniatik Bagdadera zihoazela bahitu zituzten zazpi misiolari ebanjelista hegokorearrak aske laga dituztela jakinarazi dute Hego Koreako komunikabideek. Hala ere, zenbait atzerritarrek bahituta segitzen dute Iraken, eta, halaber, irakiarren eta okupazio indarren arteko enfrentamenduek puri-purian jarraitzen dute. Xiitak eta sunitak bateginda dabiltza, gainera, okupatzaileen aurka.

2004ko apirilaren 8a
18:47
Entzun
Bahituta jarraitzen duten atzerritarrak hiru japoniar eta Israelgo bi herritar dira (arabiarrak), guztiak zibilak. Japoniarren bahiketa Mujaidinen Brigadak izeneko talde batek hartu du bere gain, eta Japoniak hiru eguneko epean tropak erretiratu ezean bizirik erreko dituela egin du mehatxu.

Azken batean, Irakeko egoera, dudarik gabe, nahasia da. Borrokak hedatu dira han eta hemen, eta, hasieran xiiten altxamendu zena, oro har, okupazio indarren kontrako altxamendu irakiarra bilakatu da. Izan ere, xiitak zein sunitak —historikoki elkarren etsai direnak— gero eta elkartuago daude okupatzaileen aurka.

Milaka irakiar Falujara bidean

Azken orduotako gertakarien artean batzuk nabarmentzekotan, aipatzekoak dira AEBetako helikopteroek Moktada Al Sadren Bagdadeko egoitzak suntsitu dituztela, eta milaka irakiar xiita zein sunitaz osatutako elkartasun konboi bat Bagdadetik Falujara bidean direla tropa estatubatuarrek setiatuta duten hiri horretara jatekoa eta botikak eramateko.

Era berean, Al Sadren aldeko milizianoek jakinarazi dute Kerbala hiria beren kontrolpean dagoela, eta Najaf hiri santuan ere eurak direla nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.