Berrikuntzaz beteta dator BERRIAren hamargarren urteurrena: Ibilkari mendiari buruzko kanala jaio zen aurreko astean; datozen asteetan, webgunea berrituko da, eta estilo liburua sarean jarriko da konsultagai, eguneraturik. Laster Ipar Euskal Herriko Hitza-ren webgunea ere martxan izango da. Berrikuntza horiei aurre egiteko, funtsezkoa da irakurleen, harpidedunen eta BERRIAlagunen babesa eta konfiantza.
Goierrin irakurle ugari ditu BERRIAk. Asier Iriondo EMUNeko langileak, esate baterako, Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik irakurri izan du euskarazko prentsa: "Lehen erosi egiten nuen BERRIA, laneko ordutegia zela eta. Baina duela urte batzuetatik hona harpideduna naiz. Erosoa da, goizeko zazpietarako daukat postontzian". Maite Lorenzo irakasleak "arrazoi askorengatik" erabaki zuen harpidedun egitea: "Batetik, egunero postontzian jasotzea oso erosoa delako. Bestetik, BERRIA euskaraz argitaratzen delako, eta euskaraz bizi nahi duen edozeinentzat ezinbestekoa ikusten dudalako. Gainera, kalitate oneko prentsa da".
Irakurle eta harpidedun ez ezik, Beasainen eta Ordizian makina bat herritarrek BERRIAlagun egitea erabaki dute. Haien artean, Lander Martin Beasaingo udaltzaina: "Joan Mari Torrealdai etorri zitzaigun hitz egitera. Eta, gero, langile batek deitu zidan. Argi ikusi nuen daukagun euskarazko egunkari bakarra laguntzeko modu bat dela BERRIAlagun egitea. Modu erraza, gainera". Lorenzori "ahalegin ona" iruditu zitzaion kanpaina, BERRIA "sendotzeko". Iriondoren ustez, funtsezkoa da euskaldunek euskarazko produktuak kontsumitzea eta laguntzea: "Eta euskarazko produktuek iraun dezaten egiten diren kanpaina guztiak dira garrantzitsuak". Antonio Aierbe euskara ikaslea da, eta duela hilabete batzuk egin zen BERRIAlagun: "Euskara laguntzeko modu on bat iruditu zitzaidan. Hitza-ko harpideduna ere banaiz".
Lorenzok uste du euskararentzat proiektu oso garrantzitsua dela BERRIA: "Euskal Herrian euskara ez da hizkuntza nagusia, nahiz eta bertako hizkuntza izan. Beste bi hizkuntza indartsu ditu ondoan, eta horiek derrigorrez ezagutu behar dira. Beraz, euskara ez dago gaztelania edo frantsesaren egoera berean. Ikusi besterik ez dago zenbat egunkari argitaratzen diren erdaraz". Egoera hori aintzat hartuz, honako hausnarketa hau egin du irakasleak: "Benetan Euskal Herri euskalduna nahi badugu, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra, BERRIA, beharrezkoa da". Ildo berean, Iriondo: "Erdarazko ehunka hedabide daude. Arnasa ematen digu BERRIAk". Aierberen ustez, idatzizko euskarazko hedabide bat egotea beharrezkoa da: "Euskara bultzatzeko funtsezkoa da BERRIA".
Hamar urte, ekainean
Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egingo den festa batekin amaituko du ospakizun bira BERRIAk, ekainaren 22an. Ordu arte 30 ekitaldi egingo dira, antzerkilari, musikari eta bertsolariekin. Euskarazko egunkariak hamar urte hauetan egin duen bidearekin "pozik" daude irakurle gehienak. "Hamar urte hauetan BERRIAk erakutsi du prentsa alorrean bere tokia duela eta egunkari sendoa dela", esan du Lorenzok. Iriondo ere gustura dago egunero ematen dionarekin: "Dauden kolaboratzaileak, eta zein albiste eta nola lantzen diren kontuan izanda, niretzat dagoen berripaperik onena da". Aierbek, berriz, batik bat asteburuetan irakurtzen du egunkaria: "Iritzi artikuluak irakurtzea gustatzen zait gehien".
Goierrin BERRIAk irakurle gehiagorengana iristeko aukera baduela iruditzen zaio Martini: "Gehienbat beste egunkari batzuekin ikusten dut jendea. Iruditzen zait BERRIA gehiago zabaltzeko ahalegina egin beharko genukeela". Beasaingo udaletxean kanpaina egin zuten BERRIAlagun egiteko. «Batzuk harpidedunak ziren jada, eta beste lankide batzuk egin ziren BERRIAlagun. Dena den, herrian oraindik herritar askorengana iristeko aukera dago».
Paperean, 62.000 irakurle ditu BERRIAk (9.000 harpidedun). Interneten, 5.300.000 bisita baino gehiago izan zituen iaz. Twitterren 16.000 jarraitzaile ditu, eta Facebooken 11.195. 1.100 kide baino gehiago ditu jada Berriketan.info sare sozialak. BERRIAlagunen kopurua, berriz, 5.000koa da. Guztien babesari esker, etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest da Joxan Lizarribarrek goizero postontzian jasotzen zuen egunkaria.